CXLI GUTUNA
RICA-k BERAri
Asteburuan ikustera joanen natzaizu. Zein gustura iraganen ditudan egunak zurekin!
Duela egun batzuek, nire atzerritar itxura ikusi gogo zuen Gorteko dama batengana aurkeztu ninduten. Ederretsi nuen, eta hala gure monarkaren soen, nola honen bihotzean duen leku sakratuaren duin aurkitu nuen.
Mila galdera egin zidan Persiarren azturez eta bizimoduez. Iruditu zitzaidan andereneko bizitza ez zela bere gustukoa, eta desatsegin zitzaiola hamar, hamabi andereren artean gizona banatzea. Inbidiaz ikusi zuen baten zoriona, eta urrikiz besteen egoera. Poeten eta batez ere eleberrigileen irakurle ona denez, gureez mintza nenkion eskatu zidan. Kontatu nionak bere jakin-mina handitu egin zion; eta eskatu zidan, arren, ea itzultzen nizkion zenbaiten zati hautatuak. Halaxe egin nuen, eta egun batzuek geroxeago ipuin persiar bat bidali nion. Agian pozik irakurriko duzu itzulitakoa.
Bazen Persian Cheik-Ali-Can-en garaietan Zulema izeneko andere bat. Buruz zekien Alkoran saindu guztia; ez zen bera baino derbitxe hobeagorik profeta sainduen tradizioneak interpretatzen; doktore arabeek idatzitako testu zailenen zentzu guztiak konprenituak zituen; eta hainbeste ezaguerarekin batera biltzen zuen alaitasuna hain zen handia, ezen zail zen jakitea solaskideak libertiarazi ala hezi nahi zituen.
Egun batean, andereneko ganbara batean zegoela bere lagunekin, hauetako batek galdetu zion, ea zer pentsatzen zuen beste bizitzaz, eta ea sinesten ote zuen gure doktore zahar zenbaitek zioten hura, alegia, Paradisua, gizonentzat bakarrik egina zegoela.
«Hori iritzi arrunta da, esan zien, edozer gauza egiten baitute andereok gaitzestearren. Bada gainera nazio bat Persia guztian zabalduta dagoena, Judutar Nazioa deitua, zeinen liburu sakratuek diotenez, ez omen dugun arimarik.
»Iritzi iraingarri hauek gizonen urguilua besterik ez dute oinarri bezala, beren bizitzatik at ere eraman nahi dutenak giza gailentasuna, ez baitute pentsatzen Egun Handian, kreatura guztiak Jainkoaren aitzinean ezdeus, eta landu bertuteen ezberdintasunaz jantziak soilik, ageriko direla.
»Jainkoa ez da mugatuko bere sarietan, eta, ongi bizi, eta guregan hemen behean duten agintea ongi erabili duten gizonak edertasun zerutiarrez eta liluragarriez bete paradisuan izanen dira, zein, ezagutu izan balitu, dastatu gogoz berehala bere buruaz beste egin zezakeen, eta halaber, andere bertutetsuak beren pean izanen dituzten gizon jainkotiarren medioz lortu hamaika atseginez horditurik eta plazerez beteriko leku batera joanen dira: hauetarik bakoitzak bere gizonenea izanen du, bertan gorde eta zainduko dituztelarik gureak baino fidelagoak izanen diren eunukoak.
»Irakurri dut liburu arabe batean, jarraitu zuen, Ibrahim izeneko gizon bat jeloskor amorratua zela. Bazeuzkala hamabi andere guztiz ederrak, eta benetan lazki tratatzen zituela; ez zela fio ez bere eunukoez ez eta bere andereneko murruez; ia beti giltzapean zituela, ganbaran itxita, inor ezin ikusirik, ez mintzaturik: adiskidetasun garbi batez ere mesfidatzen baitzen. Berezkoa zuen basakeriaren itxura hartzen zuten bere ekintza guztiek; sekulan ez zen haren ahotik hitz goxo bat ere ateratzen, eta keinurik ñimiñoena ere egiten zuenean, honen laztasuna eransten zion esklabo izatearenari.
»Egun batez, bere andereneko areto batean bildu zituelarik denak, besteak baino ausartagoa zen haietako batek izaera gaixtoa erreportxatu zion. "Hain bortizki izua ezarrarazi nahi denean, esan zion, lortzen den lehen gauza gorrotatua izatea da. Hain gara dohakabe, non ezin dugun kanbioa baizik desiratu. Besteek, nire lekuan, zure heriotza gogoko lukete; nik enea baizik ez dut desio; eta, zuregandik hark ez beste inork separa nazakeelarik, eztia izanen zait herioa." Hunkitu ordez solas honek amorru bizian ezarri zuen eta eskumuturrez jo zuen sabelean. "Nire lagun kuttunak, esan zuen hil-hurren zirudien ahots batez, nire bertuteaz urriki bada, Zeruak bengatuko zaituzte." Hitz hauek esan ondoren bizitza triste hau abandonatu zuen, beti berria den zorionaz gozatzen duten eta ongi bizi izan diren andereak dauden plazer lekurantz abiatzeko.
»Lehenik soro atsegin, berdea eta lore bizienak pintatzen zutena ikusi zuen; beira baino ur aratzagoak eta mila jirabira egiten zituen erreka bat. Txorien xaramela eztiak soilik alaitu baso xarmangarrietan sartu zen berehala. Ondoren lorategi paregabeak: Naturak bere sotiltasun eta edertasunez jantzirik ziren. Azkenean jauregi eder-ederra beretzat bakarrik, bere plazeretako antolaturik eta gizon zerutiarrez beterik aurkitu zuen.
»Haietarik bik aurkeztu eta berehala soinekoez erantzi zuten; besteek mainuan ezarri eta usainik gustagarrienez lurrineztatzen zuten. Berehala, zeramatzanak baino askoz ere aberatsagoak ziren jantziez beztitu zuten. Gero egur usaintsuez piztu sua eta janari gustagarrienez beteriko mahaia zeukan areto handi batera eraman zuten. Dena zirudien zela bere zentzuen zoramenerako egina: alde batetik, musika zerutiar eta eztia; bestetik, bakarrik bere dastamenerako ari ziren gizon jainkotiar hauen dantzak. Alabaina, plazer guztiok oharkabean, handiagoen bila baizik ez zuten zuzentzen. Bere gelara eraman, eta berriro biluztu ondoren, ohe eder-eder baten gainean utzi zuten, hemen bi gizon ezin xarmantagoek errezibitu zutelarik besarkaden artean. Orduan, bai benetan zoratu zela eta bere zoramenek desio guztiak gainditu zituztela. «Nire baitarik zeharo aterea nago, esaten zien, nire hilezkortasunaz seguru ez banintz, hil eginen nintzatekeela usteko nuen. Gehiegi da! Utzi nazazue: hil egingo naiz eta plazeren bortitzaz. Bai, kalma apur bat iristen ari zait zentzumenetara; arnas hartzen eta nire onera etortzen ari natzaizue. Zergatik itzali dituzte suziak? Zergatik ez dezaket ikus zuen edertasun jainkotiarra! Zergatik ez dezaket ikus...! Baina zertarako ikus? Nire lehen zoramenduetara itzularazten banauzue. Ene Jainkoak! Zein maitagarriak ditudan ilunpeok! hilezkor izanen naiz eta zuekin hilezkor? Zer izanen naiz...? Ez, mesedez: nekaezinak zaretela ikusten dut eta.»
Anitz alditan eman aginduen ondoren, azkenean obeditu zuten: baina serioski izan zen arte, ez zuten agindua bete. Goxo-goxo eta ezti-ezti haien besoetan loak hartu zuen. Aski izan zituen bi lo unetxo nekea uxatzeko, eta berehala sutan ipini eta begiak irekiarazi zizkioten beste bi musuk. «Kezkaturik nago, esan zuen; zalantzan ez nauzuelako gehiago maiteko.» Ez zuen nahi luzaro egon dudarekin eta gogoko zituen argitasun guztiak eman zizkioten. «Orain bai, esan zuen. Barkatu, barkatu! Seguru nago. Ez duzue ezertxo ere esaten, baina zuen frogak aski adierazkorrak dira. Bai, bai! aitortzen dizuet: ez da inoiz inor izan hain maitatua. Baina zer! Ni konbentziarazteko lehian zabiltzate norgehiagoka? A! galdurik nago, baldin eta borrokan hasten bazarete eta nire galeraren plazera zuen anbizionearen bitartez bilatzen baduzue: biok izanen zarete garaile; ni soilik izanen naiz garaitua; baina garaipena garesti salduko dizuet.»
«Egunak bukarazi zituen plazer guztiok. Morroi fidel eta maitagarriak gelan sartu ziren eta bi gazteok eraman zituzten, ondoren bi agurek beren plazeretako erreserbatuak ziren lekuetara gidatuz. Gero bera altxatu zen eta lehenik hainbeste maite zuen Gorte honen aurrean biluzki sinple baten xarmez agertu zen, eta geroxeago hornimendu ederrenez jantzirik. Gau honek edertu egin zuen: bere itxura bizitu eta dohainei grazia eman. Egun osoan dantzak, kontzertuak, bazkariak, jokoak, ibilaldiak besterik ez, eta noizbehinka Anais desagertu egiten zen bere bi heroi gazteokin biltzearren. Une preziosak elkarrekin igaro ondoren, berriro itzultzen zen utzi berria zeukan taldearengana, gero eta aurpegi zoharragoz. Azkenik, ilunabarrean guztiz desagertu zen: gizonenean ezkutatzera joan zen, zioenez, ezagutu nahi baitzituen herarekin bizi behar zuten esklabo hilezkor hauek. Bisitatu zituen txoko ezkutuen eta xarmantenetako gelak, bertan zeuden edertasun paregabeko berrogeita hamarretik gora esklabo: gelaz gela iragan zuen gaua, denetan ohore beti ezberdin eta beti berak errezibituz.
»Hona nola Anais hilezkorrak iragan zuen bere bizitza, batzuetan plazer liluragarrietan, plazer bakartietan bestetan; talde diztizari batez miretsia edo maitale zoratu batez onetsia. Jauregi xarmatu bat uzten zuen maiz leizetxo batera joateko; bazirudien bere urratsen pean loreak hazten zirela eta bere aurrean mila plazer sortzen.
»Zorioneko egoitza honetan zortzi egun jada iraganak zituen, beti bere baitarik aterea, gogoeta baterako ere atsedenik hartu gabe: dastatu eta dastatu, baina bere zoriona ezagutu gabe, eta arima errendatzen den memento lasai horietako bat ere ukan gabe, nolabait esateko, nork bere buruari pasioen isiltasunean kontatu eta entzuten ohi dizkion unerik gabe.
»Zorionekoek hain izaten dituzte plazerak bizi, non gutxitan dasta dezaketen gogo askatasunez. Hala, bista aurreko gauzei ezinbestean loturik, gauza iraganen memoria osoa galtzen dute, ez dutelarik ohi izaten inongo ardurarik beste bizitzan ezagutu edo maitatuekiko.
»Baina Anais-ek, adimen egiaz filosofoa zuenez, bere bizitza guztia emana zuen meditatzen; gogoeta hauek, bere kasa utzitako andere batengandik itxaron daitekeenetik, askoz ere urrunago eraman zituen. Bere senarrak gordearazi zion erretiro latz hartatik atera zuen alde on bakarra. Izpiritu indar honek bultzatu zuen bere kideek zeukaten beldurra, hala nola bere zorionaren hasiera eta penen amaiera izan behar zuen heriotza gutxiestera.
»Hala bada, plazeren zoramenetik polliki-polliki irten zen eta bere jauregiko ganbara batean itxi. Burutazio eztiek murgiltzen zuten iragana orainaren zorionarekin konparatzean; urriki izan zituen kide malerusak: sufritu izan dugunok dohakabeekiko sentibera baikara. Anais ez zen ordea gelditu konpasione hutsean, dohakabe hauek eztitu nahi izan baitzituen bere sentiberatasunak.
»Ondoan zeukan gazte hauetariko bati agindu zion bere senarraren itxura hartu eta anderenera joateko, bertako jaun eta jabe egin zedin, hura bidali eta haren lekuan gelditzeko berak deitu arte.
»Agindua azkar burutu zuen: hegan arin eginez Ibrahim-en andereneko atera iritsi zen, hura kanpoan zelarik. Atea jo zuen, ireki zioten: eunukoak haren oinetara erortzen dira; presaka Ibrahim-ek preso dituen andereen ganbaretara joaten da: bidean harturik zion begietarako ikusiezina bilakatua zen jeloskorrari giltza porra poltsikotik. Sartzen da eta lehenik harriturik uzten ditu bere aire ezti eta atseginaz, eta berehala gehiago oraindik amodiozko adierazpen sutsu eta ugariez. Denak gelditu ziren harri eta zur, eta amets bezala joko zuketen ez balie aski gauza errealik erakutsi.
»Gertakizun berri hauek anderenean ematen diren bitartean, Ibrahim ate joka hasten da oihukatuz bera dela dena. Oztopo anitz gainditu ondoren, sartzen da eta nahasmendu izugarrian ezartzen ditu eunukoak. Urrats handiz badoa; baina gibelerat jotzen du, hedoietarik erori balitz bezala, ikusten duenean bere irudi benetakoa den Ibrahim, nagusi baten askatasun guztiak hartzen. Laguntza eske oihu egiten du: eunukoek enganatzailea hiltzen lagundu diezaioten; baina ez dute obeditzen. Bide aski ahula baizik ez zaio gelditzen: bere emazteen epaia eskatzea. Ordu baten buruan bere epaile guztiak liluraturik zituen Ibrahim faltsuak. Bestea akazatua eta anderenetik itsuski bidalia izanen da, eta mila aldiz heriotza emanen zioten bere arerioek agindu izan ez balu bizirik utz zezaten. Azkenik, Ibrahim berria jaun eta jabe gelditu zen gudulekuan, eta bere garaipenaren gero eta duinago agertu zen ordura arte ezezagunak ziren mirarien bitartez.
»Ez duzu Ibrahim-en batere antzik, esaten zioten andere hauek. — Esazue, esazue hobeto engainatzaile horrek ez duela nire irudirik, zioen garaile Ibrahim-ek. Zer egin dezaket besterik zuen senar izateko, egiten dudana askiesten ez baduzue?
»— A! ez dugu inongo dudarik, esan zuten andereek. Ez bazara Ibrahim ere, askiesten dugu egiten dituzun merituekin: egun batean Ibrahim-ago bilakatu baitzara bestea hamar urteren buruan baino. — Beraz, agintzen didazue nire alde deklaratuko duzuela engainatzaile horren aurka? — Ez dudarik egin, aho batez erantzun zioten: betirako fideltasuna aitortzen dizugu; luzaroegi izan gara engainatuak: traidoreak ez zuen gure bertuteaz dudarik; bere ahuleziaz baizik. Ongi deritzogu gizonak hura bezalakoak ez izateari; zure irudi dira, noski. Jakinen bazenu zenbat gorrotarazten diguzun hura! — A! Emanen dizuet maiz gorrotogai berriak, erantzun zien Ibrahim faltsuak: ez dakizue oraindik ongi zenbat kalte egin dizuen. — Haren justizia eza zure bengantzaren handitasunaren heinean neurtzen dugu, erantzun zioten. — Bai, ongi dago hori, esan zuen gizon jainkotiarrak: zigorra gaixtakeriaren arabera neurtu dut; eta pozik nago kontent zaudetela daukadan zigortze erarekin. — Baina, esan zuten andere hauek, zer eginen dugu engainatzaile hau berriro etortzen bada? — Uste dut, erantzun zuen, zail izanen zaiola zuek engainatzea: zuengan daukadan lekuan engainuek ez dute balio, eta bestalde, hain urrun bidaliko dut, sekulan jada ez duzuela entzunen hartaz hitz egiten ere. Ordurako zuen zorionaren arreta niregan hartuko dut: ez naiz batere jeloskor izanen; eta zuetaz segurtaturen naiz inor mindu gabe; aski iritzi ona daukat nire buruaz fidelak izanen zatzaizkidatela sinesteko. Eta nirekin ez bazinete bertutetsu, norekin?
»Luze jo zuen elkarrizketa honek hura eta andere hauen artean, zeinek, harrituago bi Ibrahim-en arteko ezberdintasunaz antzaz baino, ez zuten jakin nahi ere hainbeste mirariren zergatirik. Behin itzuli zen senar etsitua bakea nahastera: bere etxe guztia alai eta andere hauek inoiz baino fedegabeago. Jeloskor batentzat ez zen hura leku egokia eta amorruz beterik handik alde egin zuen, eta une bat geroxeago Ibrahim faltsuak hartu eta hegan eramanez handik bi mila legoatara utzi zuen.
»Ene Jainkoak! zein nahigabe handitan aurkitu ziren andere hauek beren Ibrahim maiterik gabe! Eunukoek berehala berrartu zuten ohiko laztasuna; etxe guztia negarretan; batzuetan pentsatzen zuten gertatutakoa ametsa izan zela; elkar begiratzen zuten eta oroitzen ziren abentura bitxi haren detailerik ttipienez. Azkenean Ibrahim zerutiarra itzuli zen, gero eta maitagarriago; ez zitzaien penagarria iruditu haren bidaia. Nagusi berriak bestearenarekin alderatuz, hartu zuen jokaera ezberdinak auzoko guztiak harri eta zur utzi zituen. Eunuko guztiak aske utzi zituen, eta bere etxeko ateak denontzat ireki; eta ez zuen nahi izan bere andereek aurpegi estalkia eraman zezaten. Benetan bitxi gertatzen zen haiek gizonak bezain aske festetan ikustea. Ibrahim-ek buruz eta taxuz pentsatu zuen, herrialde hartako ohiturak ez zeudela bera bezalako hiritarrentzat eginak. Alabaina, dena zuen xahutzen: jeloskorraren ongi guztiak emankortasun izugarri batekin barreiatu zituen, eta hiru urteren buruan eramana izan zen herrialde urrunetarik itzuli zenean honek bere andereak eta hogeita hamasei haur besterik ez zuen aurkitu.»
Parisetik,
1720ko Gemmadi 1.aren ilargiaren 26an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu