CXL GUTUNA
RICA-k ***-n dagoen USBEK-i
Pontoise izeneko herrixkara desterratu berria dute Pariseko Parlamentua. Biltzarrak bidalia dio argitara eman edo onar dezan desohoratzen duen agiri bat, eta Biltzarra desohoratze moduan publikatu du.
Tratu berez mehatxaturik daude Erresumako zenbait Parlamentu.
Konpainia hauek beti dira gorrotagarriak: erregeengana inguratzen badira egia tristeak agertzeko besterik ez da, eta, gortesau pilo batek etengabe bere menpeko herriaren zoriona ordezkatzen duen bitartean, tronuaren oinetan ageriz iristen zaizkien kexu eta malkoak, lausengu faltsuak gezurtatzen dituzte.
Ene Usbek maitea, zama astuna da egiarena printzeen aurrean aurkeztu behar denean. Pentsatuko dute, noski, beharturik obratzen dutela hala, eta sekulan ez zuketela horrelako pausu tristerik emanen, beren egiteko, beren errespetu, eta beren amodioagatik beharturik ez baleude.
Parisetik,
1720ko Gemmadi 1.aren ilargiaren 21ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu