CXXXIX GUTUNA
RICA-k BERAri
Hona ez emazte batena bakarrik, erregina batena ere den ezkontza maitasunaren adibide handi bat. Suediako erreginak nahita nahiez bere senarra, printzea, koroari lotu gogoz oztopo guztiak gainditzearren, Estatuei agiri bat bidali die, non erregeordezkaritzari uko egiten dion hautatua izanez gero.
Badu hirurogei urte baino gehiago Kristina izeneko beste erregina batek koroa utzi zuela buru belarri filosofiari heltzeko. Ez dakit bi etsenplu hauetarik zein miretsi behar dugun gehiago.
Ongi iruditzen zaidan arren, Naturak bakoitzari eman dion lekuan tinko egoitea, eta ez laudatu arren, beren estaturik beherago aurkituz, hau abandonatzen dutenak ihes eginik, bi printzesa hauen arima handitasunaz, eta hala bataren animoaz nola bestearen kuraiaz hunkiturik nago, beren fortuna gainditzen zutenez. Kristinak beste denek gozamenean soilik pentsatzen zuten bitartean ezagutzan ipini zuen bere gogoa, eta besteak, aldiz, bere zorion osoa senarraren eskuetan utzi nahi izan baitzuen.
Parisetik,
1720ko Maharram-en ilargiaren 27an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu