CXXXVIII GUTUNA
RICA-k SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Urtearoak bezala ministroak dira hemen desagertzen eta berriak etortzen: azken hiru urte hauetan lau aldiz ikusi dut finantza sistema aldatzen. Egun, Turkian eta Persian, zergak inperio hauen sortzaileen garaietan bezala biltzen dira; ez da berdin gertatzen hemen, ordea. Egia da, ez dugula Mendebaldarrek hartan ipintzen duten adina adimenik ezartzen: uste dugu, ez dagoela ezberdintasun gehiago Printzearen errenten administrazioa eta partikular batenaren artean, ehun mila toman eta ehun zenbatzearen artean baino. Baina hemen abilezia eta misterio gehiago darabilte. Injenioz betetako zenbaitek gau eta egun lanean dihardute, azkenean etengabe eta dolorez egitasmo berririk erdi ditzaten, eskatu gabeko jende pilo baten aholkuak entzun ditzaten, erretiratu eta bizi daitezen handientzat sartuezin eta txikientzat sakratua den bulego baten txokotxokoan, sekretu garrantzizkoez, egitasmo miresgarriez, egitura berriez burua beti betea eduki dezaten, eta meditazionetan murgildurik hitzaren erabilera gal dezaten eta aldizka, jendetasuna.
Errege zenak begiak itxi zituenez geroz, administrazio berri bat eraiki nahi izan zen. Kontuak gaizki zihoazela jakina zen, baina ez zekiten zer egin hobeto joan zedin. Gaitzetsi egin zen aurreko ministroen botere mugagabea, eta banatzea erabaki. Honetarako sei edo zazpi batzar sortu ziren, eta ministerio hau izan da, agian, buru gehiagorekin Frantzia gobernatu duena. Iraupena sortu ondarea bezalatsu laburra izan zen.
Frantzia, Errege zenaren heriotzondoan, mila gaitzez leherturiko gorputz bat zen. N***-k hartu zuen aiztoa eskuan, haragi alferrikakoak kendu eta ohiko erremedio zenbait erabili zituen. Baina beti gelditzen zen barne bizioren bat sendatzeko. Atzerritar bat iritsi zen hura sendatzearren. Erremedio bortitz zenbaiten ondoren, sendotasuna itzuli ziolakoan zegoen, baina ez zion hanpadura bat baizik eragin.
Duela sei hilabete aberats ziren guztiak egun pobrezian daude, eta ogirik ere ez zeukatenak, ugaritasunean igeri dabiltza. Sekulan bi bazter hauek ez dira hain hurbil egon. Atzerritar honek Estatua aldatu egin du piltzarketariak jantzia itzultzen duen bezalaxe: gainean zegoena azpian, eta azpian zegoena gainean, dena alderantziz. Zein nolako aberastasun ustekabeak, pilatu dituzten beraientzat sinestezinak! Jainkoak berak ez ditu hain azkar gizonak ezerezetik altxatzen. Zenbat lehen morroi zirenak, orain beraien kideek zerbitzatuak, eta agian bihar beraien nagusiek!
Guzti honek bitxikeriak sorrarazten ditu. Iragan erresuman aberastasunak bildu zituzten lekaioak, egun beren sortzeez harro dira; eta duela sei hilabete pairatzen zuten mespretxu guztia itzultzen diete karrika berezi batean sehi-jantzia utzi dieten berriei, indar osoz oihukatzen dutela: «Nobleziak erreka jo du! Hau da hau Estatuaren aginte eza! Oi zer nahasmendua erronketan! Ezezagunak bakarrik ari dira aberasten!» Baietz hauek beren errebantxa hartu ondoren iritsiko direnen lepotik, eta hogeita hamar urteren buruan, kalitatezko jendeok zaratarik atera!
Parisen,
1720ko Zilcadé-ren ilargiaren 1ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu