CXXXVII GUTUNA
RICA-k BERAri
Biharamunean beste areto batera zuzendu ninduen. «Hemen poetak daude, esan zidan, alegia, zentzuari oztopoak ipintzen eta beren hornimendu eta janzkeren pean, garai batean andereak ehorzten ziren bezalaxe, arrazoina estaltzen duten horiek. Ezagutzen dituzu: ez baitira falta Ekialdean, non Eguzkia sutsuago den eta, antza, irudimenak berak kiskaltzen dituen.
»Hona poema epikoak. — E! zer dira poema epikoak? — Egia esateko, ez dakit ezer: ezaguleek diotenez, bi besterik ez omen dira, eta izen horren pean ematen diren beste guztiak ez omen dira benetakoak, hau hala den ere ez dakit. Esaten dutenez, ezin da berririk moldatu, harrigarriago oraindik egiten zaidana.
»Hona poeta dramatikoak, nire ustez, benetako poetak eta pasioen maisu direnak. Bi eratakoak dira: komikoak, hain eztiki irri eragiten digutenak, eta tragikoak, hain bortizki hunkitzen eta iraultzen gaituztenak.
»Hona poeta lirikoak, besteak estimatzen ditudan adina guttiesten ditudanak, eta bere antzeaz harmonia bitxi bat moldatzen dutenak.
»Ondoren datozenak amodio eta artzain kanta egileak dira, beren buruak artzain gisa irudikatuz, ez duten lasaitasunaren antzekoa ematen dieten ideiagatik, Gorteko jendeei atsegin zaizkienak.
»Ikusi ditugun autore guztietatik hona hemen galgarrienak: epigramak zorrozten dituztenak, zauri sakon eta sendaezinak eragiten dituzten fletxa ttiki eta finak.
»Hona hemen eleberrigileak, poeten gisara adimenaren eta bihotzaren hizkera bortxatzaileak: beren bizi osoa iragaiten dute natura bila eta beti huts egiten dute, sortzen dituzten heroiak dragoi hegadun eta hipozentauroak bezain bitxiak baitira.
»Irakurri dut, esan nion, zuen eleberri zenbait, eta gureetariko baten bat irakurriko bazenu oraindik harrituago zinateke. Hain daude egiatik urrun, eta bestalde, gure ohiturek baldintzatuak zeharo, ezen, hamar urte pasio ez diren aski, amorante batek bere maitalearen aurpegia ikus dezan. Alabaina, egileak bortxatuak daude aitzin-solas aspergarri hauekin irakurleak sufriaraztera. Beraz, arazoak berdintsuak dira. Eta sendatu nahi den gaitza baino okerragoa den erremedio batez baliatzen ohi da: mirariez. Seguru nago ez duzula onartuko, ez sorgin batek lurpetik armada bat ateratzea, ezta heroi batek, bakarrik ehun mila gizon suntsitzea. Hala eta guztiz, hona nolakoak diren gure eleberriak. Abentura hotz eta beti berdinak diren hauek asper-asper eginda uzten gaituzte, eta mirari zoro horiek gure onetik ateratzen.
Parisetik,
1719ko Chalval-en ilargiaren 6an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu