XI GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-en dagoen MIRZA-ri
Zeure arrazoinari uko egiten diozu nireari jarraikitzearren; nire iritzia eskatzeraino apaltzen zara eta hezi zaitzakedala uste duzu. Nire Mirza maitea, nitaz duzun iritzi ona baino, areago lausengatzen nau oraindik beste zerbaitek, eta hau, zure adiskidetasuna da, hain zuzen.
Agintzen didazuna betetzearren ez deritzot egoki arrazoinamendu guztiz abstraktuak erabiltzeari; badira egia batzuk aski ez direnak sarraraztearekin, sentiarazi behar direnak. Halakoxeak dira moralaren egitateak. Istoriotxo honek agian filosofia sotil batek baino barrenago ukituko zaitu.
Bazen behiala Arabian herrixka bat Troglodita izenekoa, antzinako trogloditen kastakoa, historialariak sinetsi behar baldin baditugu gizonak baino areago piztiak ziruditenak. Hauek ez ziren inolaz ere hain desegoki moldatuak, ez zuten hartzek hezala larru ileduna, ez zekiten txistukatzen, begibiko ziren, baina hain ziren basa eta gaizto, non ez zen haien artean ez justizia, ez berdintasun hastapenik batere.
Errege atzerritar bat zeukaten, zuten izaera gaiztoa zuzendu nahiz zorrozki tratatzen zituena. Baina kontra altxatu zirelarik erregea eta familia osoa akabatu zuten.
Kolpea emandakoan bildu ziren, bada, gobernu berria hautatu asmoz eta hainbat haserre ondoren magistratuak asmatu zituzten. Hauek izendatu bezain laster pairaezinak iruditu zitzaizkien eta era berean hil egin zituzten.
Uztarri berri honetatik ere libre beren jite basatiari soilik jarraiki zion herri honek. Bat bederak erabaki zuen jada ez ziola inori obedituko, nork bere interesak bakarrik zainduko zituela besteenez batere arduratu gabe.
Denek hartutako erabaki honek nork bere buruaz zuen ustea lausengatzen zuen bereziki, esaten zutelarik: «Nolaz, bada, joango naiz lanak itotzera bost axola zaizkidan jendeengatik? Neure buruaz bakarrik arduratuko naiz; zoriontsu izanen naiz. Eta zer axola besteak hala izan ala ez izan? Neureganatuko ditut, bai, beharrezko zaizkidanak eta erdietsitakoan ez zait piperrik ere axola izanen beste troglodita guztiak miserian diren ala ez.»
Soroak ereiten diren hilabetea zen. Nork bederak honela zioen: «Bizitzeko behar dudan garia besterik ez dut ereingo nire soroan; sobera nuke gehiago; ez naiz nekatuko nolanahi.»
Ez ziren erresuma honetako lur denak molde berekoak; baziren batzuek agor eta iketsuak zirenak, eta behealdean erreka ugariz ureztatuak besteak. Urte hartan lehorte beldurgarria gertatu zen, eta ondorioz goiko lurralde garaiak deusik gabe aurkitu ziren, behekoak, aldiz, urez gainezka baitziren, oso oparoak suertatu ziren. Honda menditar asko goseteak eraman zituen, besteen bihotz gogorkeriak zuten ondasunetatik partaidetza ukatu baitzien.
Hurrengo urtea, ordea, oso euritsua suertatu zelarik lurralde garaiak izugarrizko oparotasuna lortu zuten eta beheko aldekoak urpean ito. Herriaren erdia berriro kexu latzez zen: Goseak gara. Baina miserableok lehen aldian beraiek erabili bihotz gogorkeria berarekin topo egin zuten.
Bazen ere hiritar printzipalen artean bat emazte guztiz ederra zuena; bizilaguna maitemindu zitzaion hartaz eta kendu egin zion. Sesio luzea sortu zen eta irain-kolpe askotxoren ondotik deliberatu zuten troglodita baten erabakia onartzea, honek Errepublika garaian fama on xamarra atxiki baitzuen. Joan zitzaizkion, bada, eta beren argudioak agertu nahi izan zizkioten, baina hark erantzun zien: «Bost axola zait, andere hori zurea ala horrena izan. Nire soroa landu beharrean nago, bai, eta ez dut astirik galdu nahi zuen arazoekin eta gorabeherekin, nireak ahaztuta. Utz nazazue, bada, bakean eta ez nazazue gehiago zuen sesioekin nazkatu.»
Hala bada, utzi zituen eta bere lurrak zaintzera joan zen. Anderea bortxaz eraman zuenak indartsuena baitzen, esan zuen, hura itzuli baino lehenago nahiago zuena hil, eta bestea, hala bizi lagunaren injustiziaz nola epailearen bihotz-gogorkeriaz jota, etsi-etsian etxera bidean zihoan andre gazte eta jentil bat topatu zuenean. Bat-batean laketu zitzaion, eta laketago ukan zuen oraindik jakin zueneko bere desgraziaz bost axola zitzaion epaile haren emaztea zela. Hartu zuen, bada, eta etxera eraman zuen.
Bazen beste gizon bat soro emankor baten jabea zena eta, noski, arta handiz zaintzen zuena. Bere bi bizilagunek elkar harturik etxetik bota eta haren soroaz nagusitu ziren; elkarren artean itun bat egin zuten gainera, kendu nahiz iritsiko zitzaien etsai guztien kontra defenditzeko, eta halaxe gertatu zen hilabeteetan mantendu baitziren beren onean. Baina bietarik batek, amorru bizian elkarrekin dastatzeagatik bakarrik zezakeena, bestea hil zuen, eta soroaren jabe bakarra bilakatu. Nagusigo hark, ordea, ez zion luzaro iraun beste bi Trogloditek eraso baitzuten, eta bien kontra ahulegi zenez, hauek berehala akabatu zuten.
Ia biluzik bizi zen Troglodita batek ikusi zuen saltzen ari zen artilea eta prezioa galdetu zuen. Merkatariak esan zuen berekiko: «Ez nuke itxaron beharrik nire artilearen truke bi gariren izaria baino areago, baina lau aldiz garestiago salduko zioat, zortzirena izatearren». Haren eskaerara makurtu beharrean aurkitu zen eta eskaturiko prezioa ordaindu. «Pozik nauk orain, esan zuen merkatariak, gari aski lortuko baitiat honekin». «Zer diok, erantzun zion erosleak, gari beharra badaukak nik bazeukaat saltzeko aski. Baina agian prezioak harrituko hau, ze, dakian legez, txit garesti zagok memento honetan garia, eta gosea nagusitzen zabilek parte guztietan. Baina itzul akidak neure dirua eta emango diat gari izari bat; bestela ez baitiat nahi gabetu hartaz, goseak akabatzen ikusten bahaut ere».
Horrela bada gaitz krudel batek jo zuen eskualdea. Aldameneko herri batetik iritsi zen mediku abil bat, hain erremedio onak eta aproposak gertu zituenak, non bere eskuetara jarri ziren denak sendatu zituen. Gaitza amaitu zenean joan zen sendatu zituenengana lan-soldataren eske, Baina ez zuen ezezkorik baizik jaso. Bere herrira itzuli beharrean aurkitu zen, eta zeharo akiturik iritsi gainera, hain haitzen bidea luze. Azkar, ordea, jakin izan zuen eritasun hura beraxe berriro hedatua zela eta inoiz baino garrazkiago astintzen ari zela esker gaiztoko lurralde hura. Joan zitzaizkion bila, baina oraingoan ez zuten esperantzarik jaso beregana zakizkien, erantzun hauxe hartu baitzuten: «Alde hemendik, zuzenik gabeko gizon madarikatuak! Zuen barrenean daukazuen pozoina sendatu nahi duzuena baino askoz ere gaiztoago duzue eta; ez duzue merezi lur honetan bizitzerik, ez gizatasunik, ez zuzentasunik batere ez baituzue. Justuki zigortzen zaituzten Jainkoen aurka joatea litzateke, haien koleraren justiziaren kontra jokatzea».
Erzeron-dik,
1711ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 3an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu