CXXXVI GUTUNA

RICA-k BERAri

 

        Hurrengo elkarrizketan nire jakintsuak bulego berezi batera eraman ninduen. «Hona hemen, esan zidan, azken historia ukitzen duten liburuak. Ikus lehenik Eliza eta Aita-sainduen historialarienak, saindutzeko asmotan irakurtzen ditudanak eta askotan ondorio kontrakoa dutenak.

        »Hor erromatar Inperio izugarriaren erorketaz dihardutenak, hainbeste monarkiaren hondakinez moldatu zena, eta bestainbeste berri sorrarazi zituena. Herri barbaro pila, bizi ziren herrialdeak bezain ezezagunak, bat-batean agertu ziren, barreiatu, xehakatu, mila puska egin, eta orain Europan ikusten dituzun erresuma guztiak fundatu zituzten. Berez, ez ziren herri hauek barbaroak, aske zirenez gero; baina gero hala bilakatu ziren botere atsolutoaren pean, naturarekin, gizartearekin, eta arrazoinarekin hain loturik dagoen askatasun ezti hura galdu baitzuten.

        »Hemen daude Alemaniako Inperioaren historialariak, lehen Inperioaren itzala besterik ez dena, baina nire ustez, Lur gainean den zatiketak ahuldu ez duen botere bakarra; bakarra, halaber, nik uste, galeren heinean indartzen dena, eta astiro bere arrakastaz baliatuz, bere galtzeen ondorioz hezkaitz bilakatu dena.

        »Hona Frantziako historialariak, zeinen arabera ikus daitekeen Erregeen boterea sortzen, bi aldiz hiltzen, berriro pizten eta mende luzeetan zehar ahultzen; baina oharkabean berrindartuz, alde guztietarik handitua, beren azken epera iristen: urak galtzen dituzten edo lurpean estaltzen diren ibaien antzera, aurrerago berriro ageriz, bereganatzen diren errekez loditurik, bere pasaian kontra aurkitzen duten guztia azkar irensten dutelarik.

        »Hor ikus dezakezu mendi tartetik irteten nazio espainola; hainbat astiro garaituak, zenbat garaile azkar izan ziren printze mahometanoak; ia bakarra bilakatu zen eta hainbeste erresuma baturik bere pean izan zituen monarkia handia: bere handitasun propioz eta oparotasun faltsuz lehertzera iritsi zena, indarra eta ospea galduz, eta izandako boterearen harrotasun hutsa gordeaz bakarrik.

        »Hemen Ingalaterrako historialariak, hauengan ikus daitekeelarik nola askatasuna sortzen den etengabe haserre eta asaldamenduen sulamen tartetik; Printzea beti erortzear tronu iraunkor baten gainean; nazio egonezina, bere furian zuhur, eta Itsasoaren jaun eta jabe delarik lotzen dituena (ordura arte sinestezina) inperioa eta merkataritza.

        »Aldamenean daude Itsasoko beste nagusi baten, Holandako Errepublikaren historialariak, haro errespetatua Europan eta haro boteretsua Asian, non bere negozio gizonek aurrean belaunikaturik hainbat errege ikusten dituzten.

        »Italiako historialariak aurkezten dizute garai batean Munduko errege, eta egun beste guztien menpeko dena; bere hiriek zatitu, ahul, eta politika hutsal bat besterik ez dutenak soberania adierazle gisara.

        »Hara hor errepubliketako historialariak: askatasunaren irudia den Suitzakoak; ekonomian soilik oinarritzen den Veneziakoak; eta bere itsas ontzigintzari esker bakarrik handia den Genoakoak.

        »Hemen Iparrekoak, eta besteren artean, Poloniakoak, errege hautatzeko duen askatasuna eta eskubidea haro gaizki darabilenak, horrela, antza, bai bata, eta bai bestea galdu duten auzoko herrialdeak kontsolatu gura duela.»

        Eta horrelaxe separatu ginen elkarrengandik hurrengo eguna arte.

Parisetik,
1719ko Chalval-en ilargiaren 2an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia