CXXXV GUTUNA

RICA-k BERAri

 

        Itzuli nintzen esandako ordurako, eta nire gizonak elkarri utzi genion lekura eraman ninduen. «Hona, esan zidan, gramatikariak, glosatzaileak, eta komentario egileak. — Ene Aita, esan nion, guzti horiek zentzudunak izango dira gutxienez, ezta? — Bai, esan zuen, badute adimenik eta ez dirudi; ez dira horregatik txarragoak beren liburuak; eta beraientzat oso erosoa da. — Egia da, esan nion, ezagutzen ditut makina filosofo ongi egingo luketenak horrelako zientzietan murgilduko balira.»

        «Horra hor predikariak, segitu zuen, gai direnak arrazoinik izan gabe inor konbentziarazteko, eta geometrak, behartzen dutenak gizona bere buruaren kontra konbentzitua egotera eta bortxaz konbentziarazten dutenak.

        »Hona hemen metafisika liburuak, hain gai interesgarriak tratatzen dituztenak eta mugagabetasuna non-nahi aurkitzen dutenak; fisika liburuak, Unibertso zabalaren ekonomian ez dutenak edireiten gure artisauen makinarik sinpleenean harro gauza miresgarriagorik; medizina liburuak, naturaren ahulezia eta artearen boterea adierazten dutenak, eritasunik arinenarekin ere izuarazten gaituztenak, heriotza hain hurbil aurkezten digutenez, baina segurantza osoa ematen digutenak erremedioen bertuteez mintzo zaizkigunean, hilezkor bilakatu bagina bezala.

        »Hantxe ondoan daude anatomia liburuak, giza soinaren parteen deskripzioaz baino areago eman dizkieten izen basez betea: zeinek ez dituen sendatzen, ez eritasunetik gaixoa, ez eta ezjakintasunetik medikua.

        »Hona kimika, hainbat Ospitaletan eta hainbat Zoroetxetan bizilagun ezaguna dena.

        »Hona zientzia liburuak edo, hobeto esatearren, ezjakintasun ezkutuarenak: halakoxeak dira deabrukeriaren bat gordetzen dutenak: higuingarriak gehienentzat, niretzat irrigarriak. Halakoxeak dira ere epaiketa-astrologiazkoak. — Zer diozu, ene Aita? Epaiketa-astrologiazko liburuak! suturik erantzun nion. E! Persian gehien estimatzen ditugunak dira: gure bizitzaren ekintzak oro eta betebehar guztietako erabakiak arautzen dituzte. Gure zuzendariak dira neurri batean astrologoak; eta areago oraindik: Estatuaren gobernua daramatenak. — Hala bada, esan zidan, arrazoinaren uztarri pean baino, latzagoa den beste baten pean bizi zarete. Hona botere guztietarik harrigarriena. Urriki ditut Planetek era horretan menderatzen duten familia eta areago oraino nazioa. — Astrologiaz baliatzen gara, ihardetsi nion, zuek algebraz baliatzen zareten bezala. Nazio bakoitzak bere zientzia dauka, eta honen arabera arautzen du bere politika; gure astrologo guztiek batera ez dute inoiz egin Persian hainbat tentelkeria, zenbat zuetariko algebrista bakar batek hemen. Uste duzu ez dela azturuen menturazko eragina Egitura sortzaileen arrazoinamendu ederrak baino arau seguruagorik? Gaiaren gainean diren Frantziako eta Persiako botoak zenbatuko bagenitu, astrologia dudarik gabe garaile aterako litzateke; eta kalkulatzaileak zeharo apalduak ikusiko zenituzke. Zein ondorio izugarria ez ote litzatekeen aterako bertatik beraien kontra!»

        Gure eztabaida honetan eten zen eta elkar utzi genuen.

Parisen,
1719ko Rhamazan-en ilargiaren 26an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia