CXXXIV GUTUNA
RICA-k BERAri
Biharamunean liburutegi honetara itzuli nintzen eta lehen aldian ez bezalako gizon batekin topo egin nuen: itxura oso apala zuen; argia eta atsegina zirudien. Nire jakin-mina adierazi nion unetik, ez zen gelditu huraxe ase nahirik eta atzerritar nintzenez, ni heztea bere egitekotzat hartu zuen.
«Ene aita, esan nion, zein dira liburutegiaren alde honetan dauden liburu lodi hauek? — Liburu Sainduen interpretazioak dira, erantzun zidan. — Hainbeste al dira? ihardetsi nion. Dudarik gabe Izkriturak lehen ilun-ilun izango ziren eta orain argi-argiak ezta? Gelditzen al da oraindik dudaren bat? Puntu eztabaidagarririk? — Bai, alajaina, nola ez! erantzun zidan. Lerroak adina. — Ote? esan nion. Zer egin dute, bada, autore guzti horiek? — Izkribatzaile horiek, jarraitu zuen, ez dute Izkrituretan sinetsi behar dena bilatu, beraiek sinesten dutena baizik: ez dituzte begiratu errezibitu behar zituzten dogmen gordailu ziren liburuak bezala, baizik eta beren ideia propioei autoritatea eman ziezaieketenen moduan. Horregatik, adiera guztiak kutsatu eta aipu guztiak aldrebestu egin dituzte. Alor honetan talde guztietako gizonek beren erasoak eta bahiketak egiten dituzte; bataila lekutzat daukate nazio etsai anitzek eta bertan mila era ezberdinetako gatazka eta eztabaida burutzen dituzte.
Horien ondo-ondoan ikusten dituzu sainduen edo deboziozko liburuak; jarraian, moralekoak, aski baliosagoak; teologiazkoak, zeharo ulertezinak, dela gaiagatik, dela tratatzeko eragatik; mistikakoak, hau da, bihotzbera diren debotoenak. — A! ene Aita, esan nion, memento bat! Ez zaitez ibili hain azkar. Mintza zakizkit mistiko hauetaz. — Jauna, erantzun zidan, debozioak bihotzbera dena berotzen du, eta bizigarri zenbait bur-muinera bidaliz birritan sutzen dute: ondorioz estasiak eta zoramenduak sortzen dituela. Egoera hau debozioaren gailurra da. Batzuetan betegintzarrez goratzen da edo Kietismoan erortzen: badakizu Kietista zoro, debot eta fedegabe bat besterik ez dela.
Hona gauaren sekretuak argitzen dituzten kasuistak, Amodioaren Deabruak sor ditzakeen munstro guztiak beren irudimenean moldatzen, konparatzen eta beren gogoeten betiereko gaia egiten dutenak: zorionekoa bihotzak ere parte hartzen ez badu, eta hainbat biluzki pintatuak, zenbat sinpleki ageriak diren desbideratze batzuen partaide egiten ez bada!
Ikusten duzu, Jauna, libreki pentsatzen dudala eta pentsatzen dudan guztia adierazten. Naturaz lainoa naiz eta askotaz gehiago, gauzak jakin eta diren bezala jakin nahi duen atzerritarra zaren horrekin. Nahiko banu guzti honetaz mirespenez mintzatuko nintzaizuke, eta etengabe esanen: «Hau jainkotiarra da, hori errespetagarria; beste hura miresgarria.» Eta bi ondorio hauetarik bat gertatuko litzateke: edo engainatu eginen nizuke, edo zuk zure baitan gutxietsiko nindukezu.»
Honetan gelditu ginen; egitekoren batek hautsi baitzuen derbitxearekin neukan elkarrizketa eta biharamunerako utzi.
Parisen,
1719ko Rhamazan-en ilargiaren 23an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu