CXXXIII GUTUNA

RICA-k ***-i

 

        Derbitxe komentu batera joan nintzen lehengo egunean liburutegi handi bat ikustera, hauek baitira hango zaindariak, ordu batzuetan mundu guztia han sartzen utzi behar dutenez.

        Sartzerakoan, inguratzen zuten liburu izugarri pila baten erditik paseatzen ikusi nuen gizon serio bat. Hurbildu nintzaion eta eskatu nion, arren, esplika ziezadala, zein ziren besteak baino dotoreago josiak zeuden liburu haiek. «Jauna, esan zidan, lur arrotzean bizi naiz hemen: ez dut inor ezagutzen. Jende askok egiten dizkit horrelako galderak; baina konprenituko duzu ez ditudala liburu guztiak irakurriko jendearen jakin-mina asetzeko. Nire liburuzaina daukat eta honek emango dizu erantzun egokia: beraxe arduratzen baita gau eta egun ikusten dituzunak dezifratzen; ez du ezertarako balio, eta karga handia da guretzat, ez baitu lanik batere egiten komenturako. Baina jangelako ordua jotzen ari dira. Ni bezala komunitate buru direnak ariketa guztietan lehenak behar dute izan.» Eta hori esanez, fraideak kanpora jaurtiki ninduen atea itxiz eta, hegan joan izan balitz bezala, nire bistatik desagertu zen.

Parisetik,
1719ko Rhamazan-en ilargiaren 21ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia