CXXXI GUTUNA
RHEDI-k PARISen dagoen RICA-ri
Europan sartuz geroz nire jakin-mina gehien piztu duena, errepubliken historia eta etorkia izan da. Badakizu Asiar gehienek ez dakitela tutik ere gobernu mota honetaz, eta irudimenak ez diela balio izan oraindik, pentsarazteko izan daitekeela Lur gainean tiraniazkoaz besterik.
Monarkiak ziren ezagutu ditugun lehen gobernuak: menturak eta mendeen jarraiak moldatu zituen errepublikak.
Uholde batek hondoratu zuelarik Grezia, jende berriak iritsi ziren han bizitzera. Egiptotik eta gertuko Asiatik atera zituen ia biztanle guztiak eta, herrialde hauek erregeek gobernatzen zituztenez, era bereko gobernua hautatu zuten. Baina, astunegia egin zitzaielarik printze hauen tirania, uztarria astindu zuten, eta hainbat erresumetako hondakinetik errepublika hauek eraiki. Halaxe bada, bortitz eta oparitsu bilakatu ziren, Barbaroen artean ongi hezi bakarra izan zelarik Grezia.
Askatasun amodioak eta erregeekiko gorrotoak luzaro mantendu zuten independentzian Grezia, errepublika gobernua urruneraino hedatuz. Greziar hiriek Asia Txikian aurkitu zuten kidekorik; hona bidaliz hauek bezain aske ziren koloniak, Persiako erregeen erasoen kontra harresi gisa balio izan zieten. Ez da hori dena: Greziak Italia, Espainia eta agian Galiak jendez bete zituen. Jakina da Arbasoen artean hain famatua zen Hesperia handi hori, zorion leku bezala bere auzoek begiratzen zuten Grezia zela. Greziarrak, beren etxean zorion leku hori ezin aurkituz, Italiara abiatu ziren bila; Italiakoak Espainiara; Espainiakoak Betikara edo Portugalera; beraz Arbasoek lurralde guzti hauei eman zieten izen hori. Herrialde ezti honetan bizi zen askatasun izpiritua beraiekin eraman zuten kolonia greziar hauek. Hala bada, ez da inon aurkitzen, ez Italian, ez Espainian, ez eta Galietan antzinako garai hauetan monarkiarik. Laster ikusiko duzu Iparreko herriak eta Alemaniakoak berdin aske zirela; eta, nolabaiteko erregetasun aztarnarik hauen artean aurkitu izan bada, armadaburuak edo errepublikakoak, erregetzat hartuak izan direlako, dela.
Halaxe zen Europan: Asian eta Afrikan beti tirania pean izan ohi baitira, salbu aipatu ditugun Asia Txikiko zenbait hiri eta Kartagoko errepublika Afrikan.
Mundua bi errepublika boteretsuen artean banatu zen: Erroma eta Kartagoren artean. Erromatar errepublikaren hasiera bezain gauza ezagunik ez da, ezta Kartagorena baino ezezagunagorik ere. Ezezagunak dira zeharo Didoren ondorengo afrikar printzeen gorabeherak eta nola galdu zuten beren boterea. Munduarentzat zorion handia zatekeen erromatar Errepublikaren handitze miresgarria, erromatar hiritarren eta herri garaituen arteko diferentzia zuzengabea ez balitz izan; probintzietako gobernadoreei ez balitzaie eman izan halako botere gehiegizkorik; errespetatuak izan balira tiraniaz libratzeko hain sainduak ziren legeak; eta isilarazteko ez balituzte erabili, injustiziaz pilatutako altxor beraietxek.
Zesarrek erromatar Errepublika zapaldu zuen eta botere zapaltzaile baten pean ezarri.
Europa haren gobernu militar eta bortitz pean luzaro kexu izan zen, eta erromatar eztitasuna zapalketa krudelaz kanbiatu zen.
Alabaina, Iparretik nazio ezezagun pila sortu zen, eta zurrun biloka barreiatu ziren erromatar probintzietan, hainbeste erraztasun aurkituz, hala beren konkistarako nola beren piraterietarako, non Inperioa hautsi zuten, erresumak eraikiz. Herri hauek libreak ziren, eta hain estu mugatzen zuten beren erregeen boterea, ezen kasik gudalburu edo jeneral besterik ez ziren. Honela erresuma hauek, bortizkeriaren ondorio izan arren, ez zuten garailearen uztarririk nabaritu. Asiako herriak, hala nola Turkiarrek eta Tartaroek konkistak burutu zituztenean, baten borondatearen pean, ez zuten pentsatu menpeko gehiago lortzea eta haren aginte bortitza armen medioz ezartzea baizik. Baina Iparreko herriak, aske beren herrialdetan, erromatar probintziez jabetu zirelarik, ez zieten beren buruei botere handirik eman. Hauetariko herri batzuek, hala Afrikan Bandaloak, nola Espainian Godoak, ez baziren kontent beren erregeekin kendu egiten zituzten, eta, besteen artean, Printzearen agintea hamaika era ezberdinez mugaturik zuten: jaun multzo handi batekin banatzen baitzuen; gerrak ez ziren erabakitzen denen konformitatearekin ez bazen; etsaiari hartuak gudalburua eta gudarien artean banatzen ziren; ez zen zergarik printzearen fabore; Nazioaren batzarretan erabakitzen ziren legeak. Hona Inperio erromatarraren hondakinetik moldatu ziren estatu guzti hauen hastapen nagusia.
Venezian,
1719ko Rhegeb-en ilargiaren 20an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu