CXXX GUTUNA

RICA-k ***-i

 

        Berriemaileak deitzen dituzten nazio bitxi batez mintzatuko natzaizu gutun honetan, zein beren alferkeria beti ari-ari dagoen lorategi ezin ederrago batean bildurik. Estatuari ez diote ezertarako balio, eta beren berrogeita hamar urteko solasek bestainbateko isiltasunak adina fruitu eman dute. Alabaina, garrantzizkotzat dauzkate beren buruak, ezen egitasmo ezin ederragoez eta interes handikoez solastatzen omen diren.

        Beren herriketen oinarria kuriositate irrigarri eta ezdeus bat da: ez da beraientzat ganbara misteriotsurik, ez eta sartu ezinik; dena omen dakite; badakite gure sultan goragarriak zenbat andere dituen, zenbat haur urtero erditzen duten; eta, espioinetan sosik xahutu ez arren, badakite zein neurri hartzen dituen Turkiarren enperadorea eta Mogolena umiliatzeko.

        Egunerokoa agortu bezain laster, etorkizunari heltzen diote, eta Probidentziari aurrea hartuz, gizonen urrats guztiak iragartzen. Eskutik gidatzen dituzte jeneralak, eta, egin ez duten hamaika tentelkeria laudorioz bete ondoren, burutuko ez dituzten beste mila prestatzen dizkiete.

        Badakite ezartzen armadak hegan kurloien antzera eta kartoinak bailiran desegiten murailak; ibai guztietan ipinita dituzte zubiak, mendi orotan bide sekretuak, almazen agortezinak desertu kiskalgarrietan: zentzu arrunta bakarrik falta zaie.

        Nirekin bizi den gizon batek berriemaile batek idatzitako gutun bat errezibitu zuen. Bitxia iruditu baitzitzaidan gorde egin nuen. Hona zer zioen:

        «Jauna,

        Gutxitan engainatzen naiz politika arazoen gainean botatzen ditudan iragarkiekin.

        1711ko urtarrilaren 1ean Jose enperadorea hilen zela urtea bukatu baino lehen iragarri nuen. Egia da, ordea, sendo eta osasuntsu zegoenez, nire lepotik irri egin ez zezaten argi eta garbi agertzean hori, modu ilun samarrean iragarri nuela, baina ongi asko konprenitu ninduten adimen zorrotza zutenek. Urte bereko apirilaren 17an pikotak jota hil zen.

        Enperadorea eta Turkiarren artean gerra deklaratu zenean joan nintzen solaskideak aurkitzera Tuileries-etako txoko guztietara; harri-askan topatu nituen, eta iragarri nien Belgrado setiaturen zutela eta erori eginen zela. Eta hala bete zen nire iragarkia. Egia da, setio erdian, ehun pistola jokatu nituela abuztuaren 18an baietz erori; ez zen biharamunean baizik gertatu. Horrelako kartekin galdu al daiteke?

        Sardiniara arribatzen zela Espainiako ontzi-armada ikusi nuenean, iragarri nuen uhartea konkistatuko zuela, eta hala gertatu zen. Harroturik asmakizun honekin iragarri nuen ere Final-en desenbarkatuko zuela ontzi-armada garaile honek Milango lurraldea konkistatzeko. Ideia hau onartzeko aski zailtasun nituenez, goitik jokatu nuen: berrogeita hamar pistola, baina galdu egin nituen: Alberoni deabruak, itun guztien gainetik, bere ontzi-armada Siziliara bidali baitzuen, eta batera engainatu baitzituen bi politiko handiok, Saboiako dukea, eta ni.

        Hori dela eta, Jauna, nire onetik aterea bainaiz, sekulan gehiago apusturik ez egitea, eta soilik iragartzea erabaki dut. Garai batean ez ziren ezagutzen Tuileries-etan apustu-jokoak, eta L...-ko konde jauna zenak ez zituen onartzen. Baina maisutxo batzuek gure artean nahasi direnez geroztik, ez dakigu jada non gauden: albisteren bat esateko ahoa ireki bezain laster, hauetariko gaztetxoren bat kontra jokatzeko ateratzen zaigula.

        Lehengo batean, nire eskuizkribua irekitzera eta nire betaurrekoak sudur gainean ipintzera nindoala, fanfarroi hauetariko batek lehen hitzetik bigarrenerako tartea juxtu harturik honakoa esan zidan: «Ehun pistola ezetz.» Arretarik egingo ez banio bezala segitu nuen ahots goragoz: «***-ko mariskal jaunak jakin zuelarik... — Ez da egia, esan zidan. Beti albiste zentzurik gabeak dakartzazu; ez da batere zentzurik diozun horretan.»

        Jauna, arren, utzi izkidazu hogeita hamar pistola: egiaz, apustu hauek anitz nahasi bainaute. Ministroari idatzi dizkiodan bi gutunen kopia igortzen dizut.

        Zure... ea.»

 

 

BERRIEMAILE BATEN GUTUNAK MINISTROARI

 

        «Jaun txit ohoragarria,

        Erregek inoiz ukan duen menpekorik kartsuena nauzu. Nik bultzatu nuen adiskide bat nire egitasmoa zen, Luis Handia, Handia deitura izan zuten printze guztiak baino handiagoa zela frogatzen zuen liburu bat idaztera. Duela denbora luzea ari naizela gure nazioari ohore gehiago erakarriko dion beste obra bat idazten, Zure Handitasunak pribilegio bat eman nahi badit: Monarkiaren sorreraz geroztik Frantsesak ez direla inoiz garaituak izan, eta historiagileek orain arte gure kontra esandako guztiak gezur hutsak direla helburutzat du frogatzea. Beharturik nago anitzetan zuzentzera, eta ausartzen naiz esatera, nire adimenak kritika arloan duela batik bat distiratzen.

        Ni, Jaun txit ohoragarria, ea.»

 

        Jaun txit ohoragarria,

        L...-ko kondearen galera pairatu ondoren eskatzen dizugu, arren, eman diezaguzun lehendakari bat hautatzeko baimena. Gure hitzaldietan nahasketa ari da gailentzen, eta Estatuaren arazoak ez dira eztabaidatzen antzina bezala: gazteek ez dute areago jada zaharrenganako errespeturik, eta, heien artean, Roboam-en batzarrean bezala gertatzen ari da, gazteak zaharrei gailentzen ari zaizkiela. Adierazten diegu, beraiek Munduratu baino hogei urte lehenago ginela gu Tuileries-etako jaun baketsuak: nik uste, azkenean bertatik bidaliko gaituztela, eta hainbat aldiz gure heroi frantsesen itzalak goraipatu ditugun leku hauek uztera behartuak izango garela, Erregeren Lorategira edo beste leku baztertuagoren batera eraman beharko ditugularik gure solasak.

        Ni, ea...»

Parisen,
1719ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 7an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia