CXXIX GUTUNA

USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri

 

        Legegile gehienak argi gutxiko gizonak izan dira, menturak besteen gainean ipini, eta beren aurre-iritzi eta fantesien kontu hertsia soilik izan dutenak.

        Badirudi beren obraren handitasuna eta duintasuna ez zutela ezagutzen: jende zentzudunaren mespretxuaz batera adimen gabekoen txaloak irabaziz, haurkeriaz bete erakundeak egiten libertitu dira.

        Detaile alferretan galdu dira; kasu partikularretan; adimen estua adieraziz, hala nola gauzak ez dituztela orokorrean ikusten partetan baizik.

        Batzuek harro baliatu izan dira hizkera arrunta ez zenaz: benetan burugabea legegile batentzat. Nola beteko dira ez badira ezagutzen?

        Beharrik gabe debekatu izan ohi dituzte aurrekoak; hau da, aldaketekin nahita nahiez doazen desordenetara bultzatu dituztela jendeak.

        Egia da, gizonen izpiritutik baino areago naturatik datorren bitxikeriagatik zenbaitetan beharrezkoa izaten dela lege batzuek aldatzea. Baina, kasu bakanak izaten ohi dira, eta gertatzen denean, kontu handiz esku hartu behar da: hainbeste arreta eta hainbeste kontu eduki behar duen herriak azkenean pentsatzen baitu legeak oso sainduak behar dutela izan, aldatzeko hainbat formalitate erabili behar bada.

        Askotan sotilegiak egin dituzte eta logikaren legeei jarraiki diete areago, berezko zuzentasunari baino. Ondorioz, gogorregitzat jo, eta, zuzentasun animoz saihestuak; baina, erremedioa gaitz berria izaten ohi zen. Diren direnak legeak, beti bete eta errespetatu egin behar dira herri kontzientzia gisara, horren ondotik joan behar duelarik partikularrenak.

        Aitortu behar da, halere, batzuek zuhurtzia handia adierazten duen arreta berezia ipini dutela: alegia, beren semeen gainean botere handia gurasoei eman dietenak. Deusek ez ditu epaileak hainbeste lasaitzen; deusek ez ditu hainbeste epai-mahaiak husten; deusek, azken finean, ez du ematen halako lasaitasunik, ohiturek beti legeek baino hiritar hobeak egiten duten estatu batean.

        Agindu guztietatik beraxe da gutxien hausten dena; justizia orotarik sakratuena baita: eta bakarra itunen ondorio ez dena, alderantziz, antzinagokoa dena.

        Ohartu daiteke gurasoen esku, zigor baino sari gehiago daukaten erresumetan, familiak hobeto arautuak daudela: aitek bere amodioz gizonak gidatu arren, esperantza eta beldurraren medioz ere lotzen dituen Unibertsoko Sortzailearen antza dute.

        Frantsesen nortasunaren bitxitasuna azpimarratuz bukatuko dizut gutun hau. Diotenez, lege erromatarretik hamaika detaile alferrikako eta kaltegarri gorde dituzte, eta ez, lehen agindu legezkoa bezala eratu zutena, alegia, aitaren agintea.

Parisetik,
1719ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 4ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia