CXXVIII GUTUNA
RICA-k ***-n dagoen USBEK-i
Pont-Neuf-etik pasatzerakoan lehen egunean nire adiskide batekin, honek geometra omen zen bere ezagun batekin topo egin zuen, eta halaxe zirudien, noski, amets sakonetan murgildurik baitzirudien. Nire lagunak hiruzpalau aldiz mahungatik tira eta astindu egin behar izan zuen bere onera erakartzearren, zuela zortzi egun kezkaz betetzen zion kurba batean okupaturik zegoenez. Elkarren kunplimenduka luzaro aritu ziren eta literatur albisteren bat edo beste kontatu zioten elkarri. Solas hauek hirurok sartu ginen kafe baten sarreraraino iraun zuten.
Ohartu nintzen han mundu guztiak artatsu errezibitzen zuela gure geometra, eta kafe mutilek askoz ere arreta gehiago egiten ziotela txoko batean zeuden bi mosketariei baino. Bazirudien bera ere leku gustukoan aurkitzen zela: aurpegiko bekaitza alaitu baitzitzaion eta irri egiten hasi haitzen, geometra itxurarik batere ez balu bezala.
Alabaina, bere adimen orekatuak elkarrizketa guztia izartzen zuen. Bazirudien, antza, lorategi batean ezpataz besteen gainetik agertzen diren breen buruak ebakitzen dituena: zehaztasunaren morroi, izkirimiriek bista delikatu bat argi biziegiak bezalaxe mintzen zuten. Ez zitzaion deus ere axolagabe, egia izanez gero. Bere solasa ere bitxia zen. Iritsi berria zen hirira gaztelu eder eta lorategi ezin ederragoak zituen gizon batekin egun hartan bertan, baina berak ikusitako egoitzak hirurogei oin luzeran, hogeita hamabost zabaleran eta hamar golde luxaran zuen basotxo bat besterik ez ziren izan. Benetan gogoko zukeen perspektibaren arauak errespetatu izan balira, horrela ibilbideek beren zabalera guztian berdinak zirudiketenez, eta berak horretarako hutsik eginen ez lukeen metodoa gomenda zezakeenez. Aski pozik zegoen, egitura benetan bitxia izan arren, berak argitu kadran batez, eta sutsuki amorratu zen nire ondoan zegoen jakintsu baten kontra, honek galdetu zionean babiloniar orduak seinalatzen ote zituen kadran hark. Eleberrigile batek Hondarribiko gazteluaren bonbardaketaz hitz egin zuen: eta berehala deskribatu zizkigun aldean bonbek egiten zuten lerroaren ezaugarriak, eta, hori jakitea askietsirik ez zuen jakin nahi izan ezer emaitzaz. Gizon bat kexu zen iragan neguan uholde batek hondamendira eraman zuelako. «Oso pozten naiz hori jakinda, esan zuen orduan geometrak: konturatzen bainaiz ez dudala batere hutsik egin nire obserbazionetan, eta, Lurraren gainean iaz baino bi behatz euri gehiago aritu duela, bederen.»
Geroxeago irten eta elkarrekin joan ginen. Aski arin zebilenez, eta aitzina begiratzea gutxiesten zuenez, zuzen-zuzen gizon batekin topo egin zuen. Bortizki kolpatu zuten elkar gainera, eta ondorioz nor bere aldetik zeraman abaila eta pisuaren arabera itzulikatu zen. Lehenengo harridura iragan ondoren, beren onera pittin bat itzuli zirenean, kopetara eskua eramanez esan zion geometrari besteak: «Oso pozten naiz adarkada honekin, albiste handi baten berri eman behar baitizut: nire Horazio argitaraberria dut. — Nola!, dio geometrak, badu bi mila urte plazaratu zela. — Ez nauzu entenditzen, erantzun zion besteak: egile zahar honen itzulpena da eguneratu dudana; badu jada hogei urte itzulpena egiten ari nauzula. — Nola! jauna, dio geometrak, duela hogei urte ez duzula pentsatzen? Besteentzat mintzo zarela eta besteek zuregatik pentsatzen dutela? — Jauna, esan zuen jakintsuak, uste duzu ez diodala irakurlegoari zerbitzu handi bat errendatu, egile onen irakurketa arrunta bilakatuz? — Ez diot hori: estimu handitan ditut modu zarpailean janzten dituzun jenio ezin ederragoak. Baina inoiz ez duzu horien antzik izanen: zeren, beti itzultzen ari baldin bazara, ez zaituzten inoiz itzuliko. Urrezko piezek duten balio bera ere duten kobrezko moneta hauek bezalakoxeak dira itzulpenak, eta herriak gehiago erabiltzen ditu; baina ahulak dira eta kaxkarrak. Diozunez, gure artean hil ospetsu hauek berpiztu nahi dituzu, eta aitortzen dizut gorputz bat ematen diezula; baina ez diezu bizitza itzultzen: animaraziko dituen izpiritua falta baitzaie. Zergatik ez diozu heltzen egunero, ikerketa erraz batek edireitarazten dizkigun hainbeste egia ederren biltzeari?»
Aholku ttiki honen ondoren banandu ziren elkarrengandik, nik uste aski haserre bata bestearekin.
Parisetik,
1719ko Rebiab 2.aren ilargiaren azkenean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu