CXXVII GUTUNA
RICA-k SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Mila aldiz entzun duzu Suediako errege ospetsuaren gainean hitz egiten. Norvegia deitu erresumako hiri bat setiatzen ari zela, eta lezoin bat ingeniariarekin bakarrik bisitatzen, buruan kolpe bat hartu eta hil zen. Orduan bere lehen ministroa preso hartu zuten; Estatuak bildu eta lepoa galtzera kondenatu.
Krimen handi batez akusaturik zegoen: Nazioa iraindu omen zuen eta bere erregeari harengan zeukan konfiantza kendu ziola: nire ustez mila heriotza merezi duena.
Azken finean, ekintza gaiztoa bada Printzearen gogoan itsuski uztea menpekoetarik azkena, zer ez ote da Nazio osoa belztea, eta honen zoriona egiteko Probidentziak ezarri duenaren estimua kentzea?
Nola Aingeruek hitz egiten dioten gure Profeta sainduari, hala gizonek erregeei mintzatzea nahiko nuke,
Badakizu Jaunen Jauna Munduko tronu gorenetarik jaisten den bazkari sakratuetan bere esklaboekin komunikatzearren, mintzo hezkaitz hau menperatzea ezarri diodala neure buruari. Sekulan ez didate entzun hitz bat ere haren menpekoentzat iraingarri daitekeenik. Eta mintzatzera beharturik izan naizenean apalki jarraiki natzaie, fidelitate froga honetan nire bizitza arriskatu dudalarik, baina inoiz ez bertutea.
Ez dakit nola gertatzen den, baina beti, printzea gaiztoa bada, bere ministroa maltzurragoa izaten ohi da. Ekintza gaiztoren bat burutzen badu, ia beti aholku baten ondorioa da; beraz, inoiz ez da izaten printzeen anbizioa bere kontseilarien arima itsuskeria bezain arriskutsua. Baina konprenitzen ahal duzu, atzoz geroz soilik ministerioan dagoen gizona, eta agian bihar egonen ez dena, bilaka daitekeenik memento batean bere buruaren, bere familiaren, bere sorterriaren eta betirako zanparaziko duen herriaren belaunaldi berrien etsai?
Printzeak grina batzuek izaten ohi ditu, ministrariak harrotzen eta bere ministerioren alderantz zuzentzen dituenak: ez du peste helbururik, ez eta jakin nahi ere. Gortesauek laudorioz liluratzen dute, baina hura aholkuen bitartez, gogoan ezartzen dizkion nahiez, eta proposatzen dizkion aipu esan-guratsuez oraindik galgarriagoa da.
Parisen,
1719ko Saphar-en ilargiaren 25ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu