X GUTUNA
MIRZA-k ERZERON-en dagoen bere lagun USBEK-i
Zurekin bakarrik ase nezakeen Rica-ren hutsunea, eta Rica-k bakarrik kontsola nintzake zureaz. Usbek, zure beharrean gaude: gure gizartearen zuzi zinen. Zein nolako bortxa egin behar den bihotzak eta barne-muinek eraiki kateak hausteko!
Hemen dena da sesioa; gure eztabaidek arruntean morala dute mintzagai. Zentzumenek, plazerek eta asealdiek ala bertutearen betetzeak duten bilakatzen gizona zoriontsu, hori zen atzoko gaia. Askotan entzuna dizut gizonak bertutetsu izan daitezen jaiotzen direla, eta izatea bezain berezko dutela justizia. Argidazu, arren, zer nahi duzun esan.
Beren Alcoran-go pasarteekin desesperatzen nauten mollak-ekin hitz egin dut, benetako fededun, familiako guraso, hiritar eta gizon legez baizik ez bainatzaie mintzatzen.
Ispahan-dik,
1711ko Saphar-en ilargiaren azkena.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu