CXXVI GUTUNA

RICA-k USBEK-i

 

        Hemen itxaroten zaitut bihar; alabaina, Ispahan-go zure gutunak igorten dizkizut. Nireek diotenez, Mogol Handiaren enbaxadoreak erresumatik alde egiteko agindua hartu du. Baita printzea, Erregearen osaba eta honen heziketaz arduratzen dena preso hartu dutela; oso gertutik zaintzen duten gaztelu batera eramana izan dela, eta ohore guztiak kendu dizkiotela. Hunkiturik nago printze honen zorigaitzarekin, eta benetan urriki dut.

        Aitortzen dizut, Usbek, sekulan ez dudala inor ikusi malkoak dariola hunkiturik gelditu gabe; dohakabeen aldeko jaidura da, gizon bakarrak balira bezala, eta goian direnean nire bihotzak gogorresten dituen handiak berak, erortzen direnean samurtzen naute.

        Eta egiaz, zertarako balio die joritasunean gure samurberatasunak? Gehiegi hurbiltzen eta berdintzen gaitu; maiteago dute itzultzerik eskatzen ez duen errespetua. Baina, bere handitasunetik jaitsiak badira, gure kexuek soilik oroitarazten diete nolakoak ziren.

        Aski sinpleak eta era berean handiak dira printze baten hitzak, zeinek, bere etsaien pean erortzeko zorian zegoenean, ikusiz bere gortesauak inguruan negarrez, esan zien: «Zuen malkoek adierazten didate oraindik zuen errege naizela.»

 

Parisen,
1718ko Chalval-en ilargiaren 3an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia