CXXV GUTUNA

RICA-k ***-i

 

        Erlijio guztiek nahiko lan izaten ohi dute esplikatzen hasten direnean, zein plazer izanen duten ongi bizi izan direnek. Aski erraza da ikaratzea gaiztoak zigor zerrenda luze baten mehatxuarekin; baina, ez dakite zer eskaini jende bertutetsuari. Badirudi laburtasuna dela plazeren natura; irudimenak apenas asma lezake besterik.

        Ikusi izan ditut Paradisuaren deskripzioak zentzu oneko edonori hara joateko gogoa kentzeko modukoak: batzuek itzal zoriontsu hauei txistua joarazten diete etengabe; besteek eternitatean paseatzera zigortzen; azkenik, zenbaitek han goian hemen beheko amoranteez oroit daitezen nahi dute, pentsatu gabe ehun milioi urte aski luze direla inori amodiozko arrangurak kenarazteko.

        Hau dela eta Mogolen herrian egondako gizon bati entzundako istorio batez oroitzen naiz; ikustarazten digu kontaera honek indiar apezak ez zirela besteak baino leloago Paradisuko plazerak asmatzen.

        Senarra galdu berria zeukan andere batek Hiriko gobernadoreari zeremonioski eskatu zion bere buruari su emateko baia, baina Mahometarren menpean eta herrialdean ohitura krudel hau ahal zen neurrian debekatua zegoenez, erabateko ezetza eman zion.

        Indargabeak ikusi zituenean bere eskaerak, furioski haserre bizian esan zion: «Hau da hau gaiztakeria! Ukatu ere egin behar emakume gizagaixo bati bere burua erretze gogo dagoenean! Inoiz ikusi ote da horrelakorik? Nire ama, nire izeba, nire ahizpak, denek beren buruak erre dituzte; eta, gobernadore madarikatu honi baimena eskatzen diodanean, haserre errabiak jota builaka hasten zait.»

        Menturaz bazen han bonzo gazte bat. «Fedegabe hori, esan zion gobernadoreak, zu al zara akaso emakume honen izpirituan sua biztu duena? — Ez, erantzun zuen, ez diot inoiz hitz egin. Baina sinesten badit, bere sakrifizioa burutuko du, Brama Jainkoarentzat ekintza laketgarri eginez. Hala ongi saritua izanen da: beste munduan bere senarra ediren baitu, eta bigarren ezkontza hasiko. — Zer diozu, ihardetsi zuen andereak harriturik. Nire senarra aurkitu? A!, ez, ez dut nire burua erreko. Jeloskor, negarti eta bestalde hain da zaharra, non Brama Jainkoak harengan erreformaren bat egin ez badu, seguruenik nire beharrik ez duen izanen. Harengatik nire burua sutara bota?... Ezta behatz punta Infernu solatik aterarazteko. Liluraturik ninduten eta nire harekiko harremanak ezagutzen zituzten bi bonzok kontu aski izan zuten hortaz deusez esateko. Baina Brama Jainkoak ez badit beste zorionik emango, bost axola zait zorion hori. Gobernadore Jauna, mahometanoa bilakatzen naiz. Eta zuk, esan zion bonzoari begira, nahi baduzu joan zaitezke nire senarrari esatera primeran nagoela.»

Parisen,
1718ko Chalval-en ilargiaren 2an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia