CXXII GUTUNA

USBEK-ek BERAri

 

        Gizakiaren zabalkundea modu miresgarrian laguntzen du gobernu baten eztitasunak. Errepublika guztiek daukate horren froga iraunkorra, baina batik bat Suitzak eta Holandak, zein Europako lurralderik gaitzenak izanik, begiratzen badiogu lurraren naturari, alabaina jendeztatuenak diren.

        Askatasuna eta ondoren dihoakion oparotasuna dira atzerritarrentzat gauzarik erakargarrienak: berez maitagarri bilakatzen da lehena, eta gure beharrek bultzatzen gaituzte bigarrenarengana.

        Gurasoei deus ere kendu gabe, haurrentzat oparotasuna den herrialdean, Gizakia bidertu eginen da.

        Hiritarren arteko berdintasunak berak, ordinariozki ontasunen berdintasuna egiten duenak, bizitza eta oparotasuna zabaltzen du gorputz politikoaren lohiadar guztietan, eta denetan hedatzen.

        Ez da gauza bera gertatzen botere zapaltzaileen pean dauden herrialdeetan: Printzeak, gortesauak eta partikular zenbait dira aberastasun guztien jabe, beste guztiak miseria lazgarrienean kexu dauden bitartean.

        Gizon bat aiserik gabe baldin badago, eta ikusten badu bere semeak bera baino pobreagoak izanen direla oraindik, ez da ezkonduko; edo ezkontzen bada, bere ontasunak jan ditzaketen eta bere aitaren kategoriatik beherago egon daitezkeen haur multzo ugariaren beldur izanen da.

        Aitortzen dut laborariari edo baserritarrari, ezkondua dagoenean, berdin zaiola, aberats edo pobre izan, haur piloa munduratzea; bost axola zaiola hori, bere semeentzako ondoriotasuna beti segurua baitauka, alegia, bere aitzurra, eta ezerk ez dio eragozten itsumandoka jarraikitzea naturaren senari.

        Baina zertarako balio du estatu batean miserian akabatzen dagoen haur multzo ugariak? Jaio bezain laster ia denak hil egiten dira; ez dira sekulan ontasunez jabetzen; ahul eta eskas, xehekiro mila modu ezberdinetan hiltzen doaz, multzoka miseriak eta hazkuntza txarrak sorrarazten dituen eta maiz gertatzen diren herri eritasunek daramatzatela; eta hauetarik ihes egitea lortzen dutenak indarrik gahe iristen dira gaztarora, bizitza guztirako jada ahul eta gaixo gelditzen direlarik.

        Landareak hezalakoak dira gizonak, ez direnak inoiz modu onean haziko ez badira zaintzen: herri miserableetan Gizakia galdu egiten da eta batzuetan hondatzen.

        Frantziak etsenplu ugari eman ditzake honetaz. Iragan gerretan, familietako haur guztiak soldaduskara behartuak izateko hartzen zituen beldurrak ezkontzara bultzatzen zituen, eta hori gaztetxo zirelarik, edo oraindik pobrezian. Hainbeste ezkontzetarik haur piloa sortu zen, ez dena, noski, Frantzian aurkituko, miseriak, goseteak eta eritasunak eraman baitzuen.

        Eta horrelakorik gertatu bada zeru zoriontsu honen pean, Frantzia bezalako erresuma hezian, zer ez ote da gertatu beste estatuetan?

Parisen,
1718ko Rhamazan-en ilargiaren 23an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia