CXXI GUTUNA

USBEK-ek BERAri

 

        Kolonien ondorio ohikoa da sorterria ahultzea, berria jendeztatu gabe. Beharrezkoa da gizonak bere hazerrian geldi daitezen: aire ona txar batez aldatzeagatik gertatzen baitira eritasun zenbait; eta besteak, kanbio hutsez.

        Eguratsa, landareak bezala, herrialde bakoitzeko lurki liparrez kutsatzen da. Hala obratzen du honek gure baitan, ezen nortasuna eratzen digun. Beste herrialde batera goazenean, gaisotu egiten gara. Likidoak ohituta daudelarik era batera, solidoak moldatze berezira, eta biak higidura gradu propiora, ezin dezakete paira besterik, plegatze berririk.

        Desertua denean, lur naturaren edo klimaren bizio bereziren bat iragartzen du herrialde batek. Horrela, zeru zoriontsu bati kenduz beste herrialde batera bidaltzen direnean gizonak, lortzen dena proposaturikoaren kontrakoa da, hain zuzen.

        Esperientziaz zekiten hori Erromatarrek: Sardinian baztertzen zituzten hiltzaile guztiak, eta hara eramaten ere Juduak. Heien galaraz laster kontsolatu ziren, handia baitzen miserable haiekiko zeukaten mespretxua.

        Cha-Abas handiak, debekatu nahi izan zienean Turkiarrei mugetan armada indartsuak edukitzea, ia Armeniar guztiak beren herrialdetik aldatu eta Guillan-go probintziara hogei mila familia baino gehiago bidali zituen, ia gehienak berehala desagertu zirenak.

        Sekulan ez dira ongi atera Konstantinoplara egin izan diren herrien eramateak.

        Aipatu dugun Beltzen kopuru kontaezin horrek ez du Amerika bete.

        Adriano pean burutu Juduen desegiteaz geroz, Palestina biztanlerik gabe gelditu da.

        Aitortu beharra dago, beraz, desegite handiak konponezinak direla, zeren herri bat jendez gabetzen denean egoera berean mantentzen baita; eta, menturaz berreraikitzen bada, horrek mendeak eskatzen ditu.

        Eta ahulezia aro horretan, aipatu egoeretarik ttipiena ageri bada, ez da errekuperatzen, eta areago oraindik, egunetik egunera pobreago bere burua suntsitzerantz abiatzen da.

        Lehen egunean bezalaxe nabari da Espainian mairuen akazatzea: eta hutsune hori bete ordez, egunero handiagoa da bilakatzen.

        Ameriketako erraustearen ondoren, bertako biztanle zaharren lekua hartu duten Espainolei ezina izan zaie jendeztatzea; alderantziz, fatuek hala nahirik edo hobe esateko, Jainkoaren justiziaz, desegileek beren buruak suntsitzen dituzte eta akabatzen egunero.

        Printzeek, beraz, ez dute pentsatu behar herrialde handiak kolonien bitartez jendeztatzerik. Ez dut esaten noizbait ez dutenik hori lortzen: badira klima batzuek, non Gizakia beti bidertuko den: lekuko lirateke uharte haiek non itsasontzi batzuek abandonatu eriak bertan osasuna ediren zuten.

        Baina, kolonia hauek onik ateratzean, boterea handitu ordez, banatu besterik ez dute eginen, salbu oso ttipiak direnak, merkataritzarako hartzen diren haiek bezala.

        Kartagotarrak Espainolak bezala Amerika aurkitu zuten, edo, gutxienez, merkataritza joria egiten zuten uharte handi batzuek; baina, beren biztanleen kopurua gutxitzen ikusi zutenean, errepublika zuhur honek debekatu egin zien menpekoei merkataritza eta nabigazione hura.

        Ausartuko naiz esatera: Espainolak Indietara joan ordez, Indioak eta mulatoak behar zituzten erakarri; monarkia honetara bere herri sakabanatu guztiak bildu; eta bere kolonia handien erdiak soilik kontserbatuko balitu, Espainia Europako botererik handiena bilakatuko litzateke.

        Itzala soilik emateko balioz, enborraren zuku guztia xurgatzen duten abar luzeegi horiek dituen zuhaitzaren antzekoak dira inperioak.

        Portugesen eta Espainolen adibidea da hoberena printzeen burutik kenarazteko urrutiko konkisten grina.

        Bi nazio hauek, erresuma mugagabeak azkartasun izugarriz irabazi ondoren, harrituago beren garaipenekin herri bentzutuek beren galtzearekin baino, nola gorde pentsatu zuten. Eta bakoitzak bide ezberdina hartu zuen.

        Espainolek, nazio bentzutuak fidelitatean gordetzeaz etsiturik, beraiekin akabatzeko bidea hartu zuten, eta Espainiatik herri fidelak hara bidaltzekoa. Sekulan hain helburu izugarririk ez zen hain zehazki bete. Basati hauen heltzearekin ikusi zen nola desagertzen zihoazen Lurretik Europako guztiak bezain ugariak ziren herriak, antza, Indiak deskubrituz, ez zutela pentsatu gizonei adieraztea baizik, zein nolakoa zen basakeriaren gailurra.

        Barbarokeria honen bitartez beren menpean mantendu zuten herrialde hau. Epaitu ezazu, beraz, halako ondorioen arabera zein galgarriak diren konkistak: zeren, azken finean, erremedio espantagarri hori zen bide bakarra. Nola eduki zitzaketen hainbeste milion uztarpean? Nola mantendu gerra zibila hain urrundik? Zer ez ote ziren bilakatu astirik izan balute herri hauek, Jainko berri hauenganako mirespenaz eta hauen tximisten beldurraz libratzeko?

        Portugesek, aldiz, kontrako bidea hartu zuten: ez zuten basakeriarik erabili. Horrexegatik deskubritu zituzten herrialde guztietatik akazatuak izan ziren. Holandesak herri hauen asaldamendua biztu eta hartaz baliatu ziren.

        Ba ote da printzerik konkistatzaile hauen inbidia ukan dezakeenik? Nork lituzke gogoko horrelako baldintzetan? Batzuek berehala bidaliak izan ziren, besteek desertu bilakatu zituzten paraje haiek, beren sorterriak era bertsuan basamortu bilakatzen zituztelarik.

        Heroien fatu gaitza da, berehala galtzen dituzten herrialdeak konkistatzen beren buruak hondatzea, edo uztartzera behartuak izatea suntsitzen dituztenak: estatuak, berehala itsasoratzeko, edo ispiluak mila puzketan hausteko erosten zituen zoro hark bezalaxe.

Parisen,
1718ko Rhamazan-en ilargiaren 18an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia