CXX GUTUNA
USBEK-ek BERAri
Basatien herrialdeek ordinariozki jende gutxi izaten ohi dute, ia denek lana eta lurgintza gaitzesten dutenez. Zorigaiztoko begiko hau hain da bortitza, non, norbaitek bere etsairen baten kontrako juramentua botatzen duenean, ez dion desiratzen laborari bilaka dadin baizik: uste baitu ariketa noble eta beraientzat duin diren bakarrak ehiza eta arrantza direla.
Baina urte askotan ehizak eta arrantzak eskas direnez, gosete handiek erasotzen dituzte; kontutan hartu gabe, ez dagoela herrialderik ehizez eta arrainez hain aberats denik herri handi bat elikatzeko lain, abereek beti ihes egiten baitute sobera biztanle duten lekuetarik.
Bestalde, berrehun edo hirurehun biztanle dituzten Basatien herrixkek, elkarrengandik apartatuak, eta bi inperioetakoen interesak bezain ezberdinak dituztela, ezin diote elkarri lagundu, parte guztiek elkarri lotzen eta laguntzen dieten estatu handien aberastasun iturririk ez dutenez.
Bada Basatien artean beste ohitura bat, lehena bezain kaltegarria dena; beren erdi-loditasunak senarren begietan itsusi bilaka ez ditzan, andereek duten abortatzeko aztura da.
Hemen, desordena honen kontrako lege izugarriak ematen dira; amorrazioraino doazenak. Epaileari bere erdi-loditasuna salatzen ez dionari heriotza-zigorra ematen zaio, erditua hiltzen bada; ez herabeak, ez ahalkeak, ez eta istripuek ere, ez diotelarik aitzakia gisara balio.
Parisen,
1718ko Rhamazan-en ilargiaren 9an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu