CXIX GUTUNA

USBEK-ek BERAri

 

        Batzuetan herri baten emankortasuna Munduko gertaera ttipienaren ondorio izaten da; beraz, askotan aski da bere irudimenaren bira bat gehiago, zena baino askoz ere jendeztatuagoa izateko.

        Juduak, beti akabatuak eta beti berpiztuak, beren jarraieko galera eta desegiteak familia guztien artean dirauen esperantza bakar batekin erreparatu dituzte, alegia, beraiengandik sortuko dela Lurreko nagusia izanen den errege boteretsua.

        Persiako errege zaharrek hainbeste mila menpeko bazituzten, Magoen erlijioaren dogma hau zutelako zen, alegia, gizonen ekintzatik Jainkoak gehien onesten zuena, haur bat ukaitea, soro bat lantzea, eta zuhaitz bat landatzea.

        Txinak hainbeste biztanle baditu, pentsatzeko duten era baten ondorioa da: alegia, haurrek beren aitak Jainkoak bezala ikusten dituztela; bizitza honetan halaxe errespetatzen eta heriotzondoan sakrifizioz ohoratzen dituztelarik, zeinetan uste duten beraien arimak, Tyen-ean deseginak, bizi berria hartzen duten: bakoitza, beraz, ahaleginduko da apala bizitza honetan eta bestean beharrezkoa izanen zaion familia ugaritzen.

        Bestalde, Mahometarren herrialdeak gero eta hutsagoak daude, berez txit saindua izan arren iritzia, izpirituetan errotua dagoenean kalterik handienak baizik sorrarazten ez dituen ustea baitute. Beste sorterri batean soilik pentsatu behar dugun bidaiariak garela: Jan baliagarri eta iraunkorrak, gure haurren fortuna ziurtatzeko ardurak, bizitza labur eta iheskor hau gainditzen duten egitasmoak, gauza harrigarritzat jotzen ditugularik. Lasai egun, biharko kezkarik gabe, ez dugu lanik hartzen, ez eraikuntza publikoak zaintzen, ez lur agorrak aitzurtzen, ez eta gure arretak hartzeko moduan direnak lantzen: soraiotasun huts batean bizi gara, dena egiteko lana Probidentziari uzten diogularik.

        Harrokeria grina batek eraiki du Europarrengan hedakuntzaren hain kontrakoa den primutasunaren eskubide ez zuzena, aitaren arreta seme bakar batean ipintzen baitu, beste guztienganakoa desbideratuz; bakarraren fortuna eraikitzera obligatzen dio, askorenaren aurka; beraz, oparotasun guztiak sortzen dituen hiritarren arteko berdintasuna hausten du.

Parisen,
1718ko Rhamazan-en ilargiaren 4ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia