CXVIII GUTUNA
USBEK-ek BERA-ri
Ez dugu Asiaz eta Europaz deus gehiago esateko. Afrikaz mintza gaitezen, bada. Bere kostez soilik hitz egin dezakegu, barnea ezezaguna baita.
Erlijio mahometanoa hedatua dagoen Barbariakoak ez daude Erromatarren garaian adina jendeztatuak, aipatu dizkizudan zergatiengatik. Gineako kostei dagokienez, duela berrehun urtez geroz erregetxoek edo herrietako buruek beren menpekoak Europako printzeei saltzen dizkietela, hauek Ameriketako kolonietara eraman ditzaten, beraz, zeharo hustuak behar dute izan.
Bitxiena da, hainbeste biztanle berri errezibitzen duen Amerika hau ere, hutsa dagoela eta ez dela baliatzen etengabe Afrikak sufritzen dituen galerez. Beste klima batera pasarazten diren esklabo hauek milaka hiltzen dira, eta errepausurik gabe, bai bertakoek, bai atzerritarrek egiten dituzten mehatz lanek, bertako aire bafada gaitzek, eta bertan etengabe erabili beharrezko zilar biziak erremediorik gabe akabatzen dituzte.
Ez dago gauza eroagorik gizon kontaezinak hilaraztea baino, lurraren sabeletik urrea eta zilarra ateratzeagatik: berez, atsolutoki alferrikakoak diren metal hauek, eta baliagarri direnak aberastasunaren adierazle izateko hautatu izan direlako soilik.
Parisen,
1718ko Chahban-en ilargiaren azkenean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu