CXVII GUTUNA

USBEK-ek BERAri

 

        Dibortzioa debekatzea ez da herrialde kristauen jendez gabetzearen arrazoin bakarra. Beraien artean dituzten eunuko talde ugariek ere eragin handia dute.

        Abadeez eta betirako kastitatea aitortzen duten gizon eta emakume derbitxeez ari natzaizu: Kristauen baitan horixe da gainera bertuterik nagusiena: ezin konpreni dezakedana, zeren bertute honetatik ez den deusik ateratzen.

        Nik uste kontraesanetan erortzen direla beren doktoreak esaten dutenean, ezkontza saindua dela eta donado-mutxurdintasuna, kontrakoa dena, oraindik areago: kontutan hartu gabe agindu eta dogma hastapenezkoetan, ona dena dela beti hoberena.

        Izugarria da donado-mutxurdintasun botoak egiten dituztenen kopurua. Gurasoek garai batean beren semeak sehaskatik hartara behartzen zituzten; egun hamalau urte dutenean beraiexek: gutxi gora behera gauza bera dena.

        Garbitasun ofizio horrek inoiz izan diren izurriteak eta gerra odoltsuenak baino gizon gehiago garbitu ditu. Erlijio etxe bakoitzean, inor jaiotzen ez den eta beti beste guztien lepotik bizi den betiereko familia ikusten da. Etxe hauek beti daude irekita etorkizuneko arrazak irensten dituzten leize-zuloak bailiran.

        Erromatarren politikatik urrun dago hau, haienak lege zigorrak ezartzen baitzieten ezkontzaren legeei uko egiten zietenei eta ongi publikoaren kontra askatasun hartaz gozatu nahi zutenei.

        Ez dizut hemen herrialde katolikoez baizik mintzatzen. Protestanteen erlijioan, mundu guzti ik haurrak egiteko eskubidea du: ez ditu onartzen apezak eta derbitxeak: eta erlijio honen eraikuntzan, dena lehen kristauen garaietan oinarritzen zutela, bere fundatzaileak ez balituzte salatu izarigabeak bezala, ez dago dudarik, ezkontzaren usadioa unibertsala bilakatuz, uztarria ere eztituko zuketela, eta puntu honetan Nazarenoa eta Mahomet separatzen dituen ataka kenduko.

        Baina, dena dela, egia da Erlijioak Protestanteei aurrerapen mugagabea ematen diela Katolikoen gainetik.

        Ausartuko naiz esatera: Europa dagoen egoeran, egun ezinezkoa izango zaio erlijio katolikoari bertan bostehun urtez iraun.

        Espainiaren botere guttitzea aitzin, Katolikoak Protestanteak baino askoz ere indartsuagoak ziren. Azken hauek astiro-astiro oreka batera iritsi ziren. Protestanteak egunetik egunera gero eta aberatsago, boteretsuago bilakatuko dira, eta Katolikoak ahulago.

        Herrialde protestanteak katolikoak baino jendeztatuagoak behar dute izan, eta benetan halaxe dira. Beraz, lehenik, haien baitan zergak ugariagoak dira, handitzen direlarik ordaintzen duten kopuruen arabera: bigarren, lurrak han hobeto landuak daudelako: eta azkenik, merkataritza heien artean joriago delako, jende gehiago baita fortuna egiteko asmotan, eta behar gehiagorekin hauek asetzeko bitarteko gehiago baitituzte. Lurrak lantzeko jendea eskas denean, merkataritza desagertu egiten da: eta, merkataritza mantentzeko behar direnak eskas direnean, lurgintza akabatu egiten da: hau da: biak batera erortzen dira, ez baitzaio heltzen bati bestearen kaltetan ez bada.

        Herrialde katolikoetan, ez dago lurgintza bakarrik abandonatua, lana hera kaltegarri da: ez baita hizkuntza hil baten bospasei hitz besterik ikasten. Hauen jabe egin bezain laster, gizon batek ez du jada bere fortunaz ardurarik ukan behar: komentu batean sartu eta bizitza baketsua bertan aurkitzen du: munduan, aldiz, izerdi eta lana besterik ez.

        Ez da hori dena: derbitxeek beren eskuetan dauzkate Estatuaren ia aberastasun guztiak: heu hartu eta inoiz ematen ez duen jende zuhur honek errentak etengabe biltzen ditu kapitalak erostearren. Hainbeste aberastasun, ordea, paralisiak jota, galdu egiten da: bukatuak baitira jada higitze, merkataritza, arte eta esku-lanak.

        Ez dago printze protestanterik ezartzen ez dienik bere menpekoei Aita-sainduak bereei ipintzen dizkienak baino askoz ere zerga gehiago; alabaina, haiek oparotasunean bizi dira eta hauek miserian. Merkataritzak dena biziarazten du haien artean, eta fraidekeriak hauen artean heriotza besterik ez du barreiatzen.

Parisen,
1718ko Chahban-en ilargiaren 26an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia