IX GUTUNA
LEHEN EUNUKOak ERZERON-en dagoen IBBI-ri
Hire lehen nagusiari jarraitzen baitzaio haren bidaietan; probintzia eta erresumetan gaindi habil; hire baitan ez duk lekurik penentzat; istant bakoitzak gauza berriak zarakuskik: ikusten dituan gauza guztiek berritzen haute eta denbora sentitu gabe iraganarazten.
Ni, aldiz, kartzela beldurgarri honetan preso, beti gauza berberez inguratua eta pena berez hozkatua nagok. Berrogeita hamar urteren kezken eta arduren zama astunaren pean erdi akabaturik auhenetan ari natzaik, eta ezin zezakeat esan bizitza luze honetan egun zohar, atsedenezko memento ñimiño bat ere dastatu dudanik.
Lehen nagusiak bere andereak niri konfiatzeko asmo krudela hartu eta hartara bortxatu ninduenetik, neronen baitatik betirako aldentzeko hamaika mehatxu zeramatzaten labainkeriez; lanbide nekagarrienez asea, uste izan nian ene pasioei uko egiten niela, neure errepausu eta fortunaren ordainez.
Dohakabea ni! Nire izpiritu kezkatuak ikustarazten zidaan saria baina ez galera; uste izan nian ase ezinean amodioaren joez libratuko nintzela. Baina, ez! Pasioen ondorioa itzali zuan ni baitan, zergatia itzali gabe eta eztitu, arindu beharrean etengabe sakonago eta minago egiten zutenez inguratua aurkitzen ninduan. Anderenean sartu eta hemen denak gogorazten zidaan galdu nuena, dolua handituz; une oroz animaturik sentitzen ninduan, bazirudikeen naturaren mila grazia ez zirela ageri nire bista aurrean etsimendua nigan sortzeko baizik. Eta pena areagotu zedin begien aitzinean gizon zoriontsu bat neukaan beti. Asaldamenduzko garai haietan ez ninduan etxeratzen behin ere nire nagusiaren ohera andererik eraman eta ez nian bat ere erantzi bihotzean errabia eta arima zolan etsi izugarria sentitu gabe.
Hona nola nire gaztaro miserablea iragan dudan. Ez neukaan neure buruaz aparte beste sekretu atxikitzailerik; penez eta etsimenduz beterik, eta hauek irentsi baizik beste erremediorik ez nuela, hain begi eztiz behatzen saiatzen bainintzen andere haiexek, so-aldi garratzez besterik erantzuten ez zidaten bitartean beraiek. Galdua nintzatekeen nire barnearen berri jakin izan balute. Zer ez ote zitean asmatuko hartaz baliaturik?
Oroit nauk behiala andere bat mainuan ezartzera nindoalarik burugabekeriak hartu ninduela, eta arrazoina galduz nire eskuak leku beldurgarri batera zuzendu nituela. Lehen gogoetarekin batera uste izan nian nire azken eguna iritsia zela. Aski zoriontsu izan ninduan, ordea, hamaika heriotzatik eskapatzeko. Baina garesti salarazi zidaan bere isilunea nire ahuleziaren partaide izan zen ederrak: harekin neukan manu guztia berehala galdu nian eta ondorioz haren nahikunde pean ninduenez hamaika aldiz bizitza galzorian ezarri izan zidak.
Azkenean gaztaroko sukarrak epeldu zaizkidak; zaharkiturik nagok eta arlo horri dagokionez lasai nabilek; hotz-hotzean begiratzen ditiat orain andereak, eta sufriarazi dizkidaten tormentu eta mespretxu guztiak itzultzen zizkieat. Egunero gogoratzen zieat, nire agintepean egoteko jaioak direla, eta iruditzen zaidak agintzen ditudanean oraindik gizon bilakatzen bide naizela. Odol hotzez aztertzen ditudanez gero, eta nire arrazoinamenduak dituzten alde txar guztiak agerrarazten dizkidatenez gero higuin ditiat. Beste batendako zaintzen ditudan arren, bozkario ezkutu batek betetzen naik ikusten ditudanean nire agintepean eta orotaz gabetzean banagok niretzat delakoan dena, eta plazer zeharkakoez gozatzen diat. Nire inperiotxoan banengo bezala nabilek anderenean, eta nire gutizia, gelditzen zaidan grina bakarra, honela asetzen diat apurño bat. Bozkarioz ikusten diat denak dabiltzala nire inguru-minguruan, eta une guztietan naizela nahitaezko. Nagoen lekuan mantentzen nauen andere guzti hauen gorrotoarekin gestora bizi nauk. Ez ditek ezer ikustekorik eskergabe batekin, zeren beren plazer inuzenteenen aitzinean aurkitzen nauten. Hautsi ezina den muga baten parekoarekin topo egiten ditek beti. Egitasmoak asmatzen ditiztek, baina bat-batean mozten zizkieat. Ezetzarekin ageri natzaiek beti; kezkez beteta; modestia, ahalkea, bertutea, egin-beharra bezalako hitzak baizik ez dituk nire ahotik irteten. Beren ema ahuleziez eta nagusiaren botereaz etengabe mintzatuz etsipenez betetzen ditiat. Berehala gupidesten ditiat, ordea, hain gogor mintzo natzaielako, eta bazirudik konpreniarazi nahi diedala nire joeraren bultzatzaile bakarra ez dela beraien interesa eta atxikimendu hertsia baizik.
Nire aldetik ez nauk, horregatik, hamaika atsekabe sufritu gabe gelditzen, egunero andere mendekatzaile hauei egiten diedana garestiago ordaindu bila baitabilzkit. Galtze izugarria ditek. Gure artean aginte-menpeko, goiti-beheiti antzeko zerbait bazegok. Ofiziorik umilenak betearazten zizkidatek; parerik ez duen mespretxuaren partaide dituk, eta nire zahartzaroari erreparatu gabe edozein huskeriaren aitzakiaz gauero hamar aldiz jaikiarazten naitek. Agintez, karguz, manuz, kapritxoz eten gabe akabatzen naitek; bazirudik ni aritzen ikusteko txanda hartzen dutela, eta beren fantasiak elkarri lotzen. Mainak behin eta berriro errepika diezazkiedan nahi ditek. Sekretu faltsuak esanarazten zizkidatek; batean gazte bat ageri dela murru inguruan esanen zidatek; zarata aditu dutela edo gutun bat igorri beharrean direla. Denak kezkatzen naik eta beraiek, aldiz, irri egiten ziotek nire kezkari, pozik baitaude benetan ni hala asaldatzen naizela ohartzen direnean. Beste batean ate ostean loturik eta kateaturik edukitzen naitek gau eta egun; eta ondotxo zakitek eri, minzuri eta izu itxurak disimulatzen, eta aitzakiarik ez zaiek falta nahi duten puntura ni eramateko. Okasio hauetan beharrezkoa izaten duk obedientzia itsua eta mugagabeko zerbitzua, ni bezalako baten ahotik ezetza entzuteari gauza harrigarria baileritzote, eta duda-mudak eginen banizkie obedientzian ni zigortzeko eskubidean baileudeke. Nire Ibbi maitea, nahiago nikek bizitza galdu horrelako umilazioetara iritsi aitzin.
Ez duk hau dena; ez nauk ziur sekulan nire nagusiaren fabore pean lipar batez ere naizenetz; hainbeste etsai ditiat ezen heien bihotzean ni galtzea besterik ez duten desio. Aditzen ez nauten mementoak ere baditiztek, deus ere ukatzen ez den mementoetan, beti oker omen nabilen uneak. Andere haserretuak nire nagusiaren ohatzera zaramatzaat. Uste duk niretzat horretaz onik datekeenik edo nire arrazoinak zerbait balio duenik? Beren malko, suspirio, besarkada eta plazerek ere guztiz izutzen naitek; beren garaipenen gunean zaudek; beren xarmak beldurgarri bilakatzen zaizkidak; beren eguneko zerbitzuek antzinako nire guztiak itzaltzen ditiztek, eta nork ziurtatzen zidak bere buruaz jabe ez den nagusia?
Zenbat aldiz gertatu izan zaidan faborearekin etzatea eta desgraziarekin jaikitzea? Anderenearen inguruan hain ahalkegarriki jipoitu ninduten egunean zer egin nian bada nik? Nire nagusiaren besoetan utzia neukaan andere bat, eta susara ikusi zuen bezain laster heldu zion negarrari eta kexuari, eta hain ongi zekien kexu egiten, non sortarazten zuen amodioa gero eta handiagotzen zen eran adierazten zuen, auhenak gero eta garratzago zirenez. Nola bada nintekeen halako egoeran mantendu? Guttiena espero nuenean galdu ninduan; amodio negozio batek eta suspirioek lortu itun baten menpean erori bainintzen. Hona, Ibbi maitea, zein egoera lazgarrian bizi naizen beti.
Hi bai haizela zoriontsua! Usbek-engan mugatzen dituk hire ardurak oro. Erraza zaik hura goxatzea eta haren faborea mantentzea hire azken egunetaraino.
Ispahan-go Anderenetik,
1711ko Saphar-en ilargiaren azkena.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu