CXVI GUTUNA
USBEK-ek BERAri
Orain arte herrialde mahometarren gainean hitz egin dugu eta ikertu zergatik jendetza gutxiago duten konparaturik erromatarrekin. Ikus dezagun ondoren, Kristauen artean gertatu dena.
Erlijio paganoan dibortzioa zilegi zen eta Kristauek debekatu egin zuten. Hasieran ondorio txikiko zirudien kanbio honek, izugarriak eta sinesgaitzak diruditenak ekarri zituen oharkabean, ordea.
Ezkontzari bere eztitasun guztia kentzeaz gain, zeukan helburutik apartatu zitzaion: bere loturak estutu ordez, lasaitu egin ziren; eta, bihotzak batu beharrean nahi zen bezala, betirako separatu.
Hain aske eta hain parte handia bihotzak daukan ekintza batean, bortxa, beharra eta fatuak berak sartu ziren. Gogo ezak, kapritxoak, nortasun konponezinak ez ziren kontutan hartu: bihotza tinkatu nahi izan zen, hau da, naturan den izakirik aldakorren eta kanbiakorrena; betirako eta esperantzarik gabe elkarrekin uztartu ziren elkarrekin akituak zirenak, eta ia beti ezin konponduak; eta gorpuei gizon biziak lotzen zituzten tirano haien gisara obratu zen.
Ezerk ez du hainbat elkar lotzen zenbat dibortzio ahalmenak: senar-emazteek pazientzia guztiz etxeko nekeak pairatzen zituzten, jakinik nahi zutenean buka zitzaketela, eta maiz botere hau gordetzen zuten, beren bizitza osoan inoiz erabili gabe, erabiltzeko gai ziren kontsiderazio hutsa askiesten zutelarik.
Ez da gauza bera Kristauen baitan, egungo nekeek desesperatzen baitituzte biharko: ezkontzako atsekabeetan daukaten iraupena besterik ez dute ikusten eta, nolazpait esateko, beren eternitatea. Hemendik nahigabeak, haserreak, mespretxuak, etorkizunerako galera huts direnak. Apenas ezkontzaz geroztik hiru urte bete dituzten, gutxiesten hasten direla printzipalena; hoztasunezko hogeita hamar urte elkarrekin iragaiten dituztela; eta hain handiak dira sortzen diren barne aldentzeak, non agian ageriak balira baino galgarriagoak gertatzen diren; bakoitzak bere aldera jotzen du; dena datozkeen arrazen kaltetan delarik. Laster betirako den emazteaz asperturik dagoen gizonak lilitoengana joko du: harreman higuingarri eta Gizartearen kontrakoa, zeinek, ezkontzako helburua bete gabe, plazerak soilik dituen gogoko.
Horrela lotu diren bi pertsonetarik batek ez badu Naturaren eta Gizakiaren hedakuntzaren helburua betetzen, dela adinagatik, dela izaeragatik, berarekin ehorzten du bestea, bera bezain ezdeusa bilakatzen duelarik.
Ez da harrigarri bada Kristauen artean hainbat ezkontza ikustea hain hiritar gutxi erditzen. Dibortzioa deseginik, ezkontza gaizki konponduak ezin dira areago moldatu; andereak ez dira jada pasatzen, Erromatarren artean bezala, senar askoren besoetan batetik bestera, bidean ahalik eta hoberena lortzen saiatuz.
Ausartuko naiz esatera: Lazedemoniako errepublika batean bezala, non hiritarrak etengabe lege berezi eta sotilek lotzen zituzten, eta, non Errepublika gertatzen zen familia bakarra, erabakiko balitz senarrek urte oroz anderez alda lezaten, jendetza kontaezina lukeen herria gertatuko litzateke.
Aski zaila da ulertzea zergatik Kristauek dibortzioa deuseztatu duten. Ezkontza, Munduko nazio guztietan, konbentzio guztiak izan ditzakeen kontratua da, eta bertatik helburua saihesten lagun dezaketenak soilik kendu beharko lirateke. Baina Kristauek ez dute horrela ikusten; baina, apenas adieraz dezaketen zer den. Ez dute zentzuen plazerean oinarritzen, alderantziz, esan dizut jadanik, badirudi desterratu nahi dutela ahal duten guztian; irudi hau, ordea, itxura, misteriotsua den eta entenditu ezin dezakedan zerbait da.
Parisen,
1718ko Chahban-en ilargiaren 19an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu