CXV GUTUNA

USBEK-ek BERAri

 

        Erromatarrek ez zeukaten gu baino esklabo gutxiago; gehiago baizik: baina hobeto zerabiltzaten.

        Esklabo hauen biderkatzea bortxaz eragotzi ordez, bizkorrarazi egiten zuten ahalegin guztiekin: ezkontza mota bereziz elkartzen zituztelarik. Medio honen bitartez adin orotako morroiz eta mirabez betetzen zituzten beren etxeak, eta estatua jende multzo kontaezinez.

        Azken finean nagusi baten aberastasuna egiten zuten haur hauek, inguruan jaiotzen zitzaizkion neurri gabe; hauen hazkuntza eta hezkuntzaz soilik arduratzen ziren; gurasoek, bestalde, zama honetatik libre, naturaren jaidurari jarraikitzen zioten eta inongo beldurrik gabe ugaritzen zuten familia.

        Gure artean, esan dizut, morroi guztiek gure andereak zaintzen igarotzen dutela beren denbora, eta ez dutela besterik egiten: Estatuaren baitan betiereko modortasunean irauten dutela; eta beraz, arteen eta lurren lantzea gizon aske batzuen esku, familia buru zenbaiten pean eta ahalik gutxiena lan egiten dutenen baitan mugatzen dela.

        Ez zen horrelakorik Erromatarren artean: Errepublika esklabo herri honetaz askoz ere hobeto baliatzen zen. Bakoitzak bere soldata zeukan, bere nagusiak ipinitako baldintzen arabera; soldata honekin lan egiten zuen eta bere antzeak agintzen zion arloan ziharduen. Hau bankaria zen; besteak itsas merkataria: batek marxandiza xehea saltzen zuen: bestea arte mekanikoren batean aritzen edota lurrak errentan ipini edo landu egiten zituen. Baina denak saiatzen ziren ahaleginik handienarekin boltsa handitzen, zeinek ematen zien, bai egungo esklabotasunean aisetasuna, bai eta etorkizunerako askatasun esperantza. Honek, beraz, herri langile bilakatzen zuen eta hala arteak nola antzeak animatzen.

        Esklabo hauek, beren arduren eta lanen ondorioz aberasturik, libre izatea eta hiritar bilakatzea lortzen zuten. Errepublika etengabe berritzen zihoan eta bere babespean zaharrak desegiten ziren arabera, familia berriak errezibitzen zituen.

        Datozen gutunetan agian izanen dut aukera frogatzeko estatu bateko biztanleria zenbat eta ugariago izan, orduan eta komertzioa aberatsagoa dela; zenbat eta komertzioa aberatsago, hainbat eta jendetza oparoago: bi gauza hauek nahita nahiez elkarri laguntzen diotenez.

        Eta hala bada, zenbat ugaritu eta gehitu beharko lukeen beti langile den esklabo multzo izugarri honek! Lanetik eta oparotasunetik sortuak ziren legez, beraiek sorrarazten zuten oparotasuna eta lana.

Parisen,
1718ko Chahban-en ilargiaren 16an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia