CXIV GUTUNA

USBEK-ek BERAri

 

        Zergatik dagoen Lurra antzinako garaiekin konparatuta biztanle gutxiagorekin, bilatzen duzu. Begira, behar bezalako arreta jartzen baduzu, ohartuko zara diferentzi handi hori ohituretan gertatu denaren ondorioa dela.

        Erromatarren Mundua erlijio kristaua eta mahometanoaren artean banatu zenetik, gauzak zeharo aldatu ziren: zeren argi dagoen, bi erlijio hauek ez direla Unibertsoko nagusi zaharrak bezain zale Gizakiaren hedakuntzan.

        Azken honetan poligamia debekaturik zegoen; eta honetan aurrerapen handia zion mahometanoari. Dibortzioa zilegi zen; eta beraz, kiristinoekiko abantaila hau ez zen ttikiagoa.

        Alkoran sainduak onartzen duen andere ugaritasun horren eta liburu berean kontentatzeko ematen duen aginduaren artean baino kontraesan handiagorik ez dut aurkitzen. Ikus itzazue zuen emazteak, dio Profetak, beren jantziak bezain beharrezko baitzatzaizkie, eta beraiek zuei zuen jantziak bezalaxe.» Hona agindu bat benetako Musulman baten bizitza txit akigarria bilakatzen duena. Legean agintzen dituen lauak dituenak, eta bestainbat ohaide edo mirabe, ez ote da akiturik geldituko hainbat jantzirekin?

        Zuen andereak zuen alorrak dira, dio halaber Profetak, hurbil zatzaizkie, egizue on zuen arimengatik, eta egunen baten aurkituko duzue.»

        Etengabe borrokatzera behartua dagoen atleta baten gisara ikusten dut Musulman ona; baina, laster lehen nekeez ahuldurik eta akiturik, herbaltzen dena garaipen zelaian, eta nolazpait esatearren, bere irabazi propioen pean ehortzia.

        Natura beti aritzen da baratxe, eta nolazpait esatearren, ekonomiaz: bere ariketak ez dira inoiz bortitzak; eta bere emaitzetan beti nahi izaten ohi du izaria; izariz eta neurriz obratzen du beti; eta, une batez azkartzen bada, laster eroriko da bere mantsotasunean; gelditzen zaion indar guztia bere burua mantentzen darabil, bere bertute emankor eta ahalmen sortzailea zeharo galduz.

        Andere multzo handi horrek beti ipintzen gaitu ahulezia egoeran, gu akitzeko gaiago delarik asetzeko baino. Oso arrunta da ikustea anderene miresgarri batean gizon bat oso haur gutxirekin. Haur hauek gainera, gehienetan ahulak eta eskasak izaten ohi dira, beren aitaren ahuleziaren antzekoak.

        Ez da hori dena: andere hauek garbitasunera bortxatuak, eunukoak soilik izan daitezkeen zaindarien beharrean aurkitzen dira: Erlijioa, jeloskortasuna, eta arrazoina berak ez diete uzten besteenganatzen. Zaindari hauek oso ugariak behar dute izan, barne bakea mantentzearren, bai eten gabe andereek elkarri egiten dioten gerrengatik bai eta kanpotik sor daitezkeen erasoetatik libratzearren. Honela, hamar emazte edo ohaide duen gizonak bestainbeste eunuko gutxienez behar ditu zaindari. Baina zein nolako galera ez den Gizartearentzat gizon multzo handi hori jaiotzetik bertatik hilak izatearekin! Zein giza gutxitze izugarria ez den ematen horren ondorioz!

        Eunukoekin batera, andere talde handi hori anderenetan zerbitzatzen diren dontzeilak, bertan ia beti mutxurdin atsotzen dira: han dirauten bitartean ezin dira ezkondu, eta beren jabe diren beste andereak haietara ohituez gero, ia inoiz ez dituzte uzten.

        Hona nola gizon bakar batek, bere plazerak direla kausa, zenbat gizon eta emakume hilarazten dituen Estatuarentzat, eta Gizakiaren hedakuntzarako agorrak bilakatzen.

        Konstantinopla eta Ispahan Munduko bi inperio handienen hiriburuak dira: harantz abiatzen da dena, eta parte guztietatik herriak, mila era ezberdinetan liluratuak harantz jotzen. Alabaina, berez deseginen lirateke eta berehala suntsituak leudeke, soberanoek ez balituzte hara eramango, ia mendeoro, nazio osoak berriz jendeztatzeko. Gaia hurrengo gutunean osatuko dizut.

Parisen,
1718ko Chahban-en ilargiaren 13en.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia