CXIII GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Mundua, ene Rhedi maitea, ez da ustelgaitza; Zeruak berak ere ez: haren materiaren higidura unibertsalaren ondorio berezko diren aldaketen behatzaile eta lekuko dira astronomoak.
Lurra, beste planetak bezala, higiduraren legeen menpe dago; honen arauen betiereko gatazka pairatzen ari da bere baitan: Itsasoa eta Kontinentea badirudite beren bizitza guztian gerran ari direla; une oroz konbinazio berriak sortuz.
Halako aldaketen menpe dagoen egoitzan bizi diren gizonak era bertsuan egoera aldakorrean daude: desagerrarazteko gai diren ehun mila ziok obra dezakete, eta arrazoin handiagoz haien kopurua handitu edo ttipitu.
Ez dizut hitz egingo hiriak eta erresuma osoak desegin dituzten eta historiagile baitan hain arruntak diren katastrofe partikular hauetaz; bai baitira orokorrak diren beste batzuek, Gizona desagerrarazteko arrisku eta zorian maiz ipini dutenak.
Unibertsoa noizbehinka astindu duten izurrite orokor hauetaz beterik daude historiak. Besteen artean bat aipatzen dute, zein, hain izan zen bortitza non, landareen erroak berak erre zituen eta Catay-ko inperioraino mundu ezagun guztian nabaritu zen; eta agian kutsatze gradu handixeagoarekin Gizona egun bakar batean deseginen zukeen.
Ez dira bi mende oraindik pasatu Europan, Asian eta Afrikan sentitu zela denbora gutxian ondorio izugarriak izan zituen eritasun guztietarik higuingarriena: eta furia berarekin jarraitu izan balu gizonekin akabatuko zukeena. Beren jaiotzaz geroztik gaitzak jota. Gizartearen karguen zama ezin eramanik, miserableki akabatuak ziratekeen.
Zer gertatu izanen zen pozoina pittin bat eraginkorragoa gertatu izan balitz? Eta halaxe izanen zen, dudarik gabe, ez balute asmatu, zorionez eriden zuten bezalako erremedio bortitzik. Agian eritasun horrek sorgailuak erasotuz, sorkuntza bera erasotuko zukeen.
Baina zergatik mintzo gara Gizadiari gertatzen ahal zitzaion desegiteaz? Ez ote zain bada gertatu jadanik, eta Uholdeak familia bakar bat ez al zuen utzi bada?
Filosofo batzuek bi kreazio bereizten dute: gauzena eta gizonarena. Ezin dezakete ulertu materia eta gauza kreatuek sei mila urte besterik ez edukitzea; Jainkoak eternitate osoan atzeratu izana bere obrak eta bere ahalmen kreatzaileaz atzo soilik baliatu izana. Ez zuelako nahi izan, ala ezin izan zuelako ote? Baina ezina izan bazitzaion garai batean berdin izanen zitzaiokeen bestean. Beraz ez zuelako nahi izan, gertatu da horrela. Baina Jainkoarengan ez denez denborarik, onartzen bada zerbait nahi izan zuela une batez, onartu beharra dago beti hasiera beretik nahi izan zuela.
Alabaina historiagile guztiek lehen aita batez mintzo zaizkigu. Sortzen ad den Gizona ikustarazi nahi digute. Filosofo hauek pentsatzen dute Adan gaitz arrunt batetik salbatua izan zela, Noe Uholdetik bezala, eta gertaera handi hauek maiz gertatu direla Lurraren gainean Munduaren kreazioaren ondoren.
Baina desagertze guztiek ez dira bortitzak ohi izaten: ikusten baitugu Lurreko parte anitz nekatzen dela gizonei elikatzeaz. Zer dakigu Lur osoak dituen arrazoin orokor, mantso, oharkabe eta nekeez?
Egokia iruditu zait zure aurrean ideia orokor hauek aurkeztea zure gutunari eta partikularzki hamazazpi hemezortzi mendez geroztik herrien gutxitzeaz erantzun aitzin. Hurrengo gutunean erakutsiko dizut arrazoin fisikoez at badirela ondorio bera eman duten arrazoin moralak.
Parisen,
1718ko Chahban-en ilargiaren 8an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu