CXII GUTUNA
RHEDI-k PARISen dagoen USBEK-i
Europan eman dudan egonaldian historiagile zahar eta berriak irakurtzen ari naiz: garai guztiak erkatzen ditut; nire aurrean pasarazten ditut, nolazpait esatearren, plazerez, eta nire adimena gerarazten dut aldaketa garaietan eta Lurra itxuraz aldarazi dituzten unetan.
Agian ez zenuen erreparatuko egunero nire harridura sortarazten duen gauza batean. Nola daiteke Mundua hain biztanle guttirekin izan, antzinako garaiekin konparatuta? Nola Naturak galdu du lehen denboretako oparotasun izugarri hura? Agian bere zahartzaroan ote, eta ahiduran erortzeko bidean dago?
Italian urte pasatxo egin dut, eta ez dut lehen hain famatua zen Italia zahar horren hondakinak besterik ikusi. Jende guztia hirietan bizi den arren, guztiz desertuak eta jenderik gabe daude: badirudi historiak hainbat goraipatu dituen hiri boteretsu horien lekua seinalatzeko soilik dirautela.
Zenbaitek dioenez, Erromako hirian jende gehiago bizi zen gaurko Europako erresuma handi batean baino. Izan omen zen hiritar erromatarrik ere hamar edo hogei mila esklaborekin, kontatu gabe bere lurretan zituenak; eta, bospasei ehun mila hiritar kontatzen zirenez, zail da bertako biztanle kopurua zehaztea burua nahasi gabe.
Aitzina Sizilian baziren gero desagertu diren erresuma boteretsu eta herri ugariak: uharte honek ez du ezer berezirik ez badira bere sumendiak.
Grezia hain dago jendez gabetua, non antzinako biztanleen ehunena besterik ez duen.
Espainia, garai batean hain betea, egun lurralde desertuz bakarrik betea dago; eta Frantzia ezin daiteke konparatu Zesarrek aipatzen zuen Galiarekin.
Iparraldeko herrialdeak ere zeharo hutsik daude, eta ez da, garai batean bezala banatzera eta kanpora bidaltzera, erle multzoak bezalaxe, koloniak eta nazio osoak bizileku berriak bilatzera behartuak ikusi zirela.
Polonia eta Europaldeko Turkiak ia ez dute biztanlerik.
Zail izanen litzateke ere egun aurkitzea Ameriketan inperio handiak osatzen zituzten gizonen berrogeita hamargarren partea ere.
Asia ez dago egoera hobean. Hainbeste monarkia boteretsu eta hainbeste hiri handi zeuzkan Asia Txiki honek, ez du jadanik bi edo hiru baizik. Asia Handiari dagokionez, Turkiarraren menpe dagoenak bederen, ez ditu biztanle gehiago; eta, gure erregeen pean dagoena konparatzen badugu garai bateko egoera oparoarekin, ohartuko gara Xerxes eta Darius-en garaietako biztanle kopurua izugarri urritu dela.
Inperio handi hauen ingurutan diren estatu ttikiei dagokienez, desertu huts bilakatu dira: hala Irimeta-ko erresuma, Zirkasia-koa eta Guriel-goa. Hain estatu zabal handiak dituzten Printze hauek apenas duten berrogeita hamar mila menpeko.
Egipto beste herrialdeak bezalaxe dago.
Beraz, Lurrari bira ematen ari natzaio eta ez dut hondakinik baizik topatzen: badirudi izurrite eta gosetetik irten berria dagoela.
Beti hain ezezaguna izan da Afrika, non ezin daitekeen hartaz mintza Munduko beste parteez hitz egin daitekeen zehaztasun berarekin; baina, Mediterraneoko kostez soilik ari bagara, betidanik ezagutuez, alegia, ohar gaitezke zein hondamendian erori diren konparatuta Kartagotarren eta Erromatarren garaiekin. Egun hain dira ahulak bere printzeak, ezen Munduko botere ttipienak diren.
Horrelako gauzei buruz egin daitekeen neurketa hain zehatzaren ondoren, ikusten dut apenas bizi dela Lurraren gainean antzinako garaietan bizi ziren gizonetarik hamarrena baizik. Harrigarri da gainera, ikustea, nola egunetik egunera jendez gabetzen doan, eta, horrela jarraikiez gero, hamar menderen buruan desertu bilaka daitekeen.
Hona, ene Usbek maitea, inoiz Munduari gertatu zaion kalamitaterik izugarriena; baina ia inor ez da ohartu horretaz, zeren konturatu gabe gertatu baita eta mende anitzen buruan; Giza Naturaren barne bizio, pozoin sekretu eta ezkutu, eritasun ahulgarri baten adierazgarri dena dudarik gabe.
Venezian,
1718ko Rhegeb-en ilargiaren 10ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu