CXI GUTUNA

USBEK-ek ***-i

 

        Hildako erregearen erreinua hain izan zen luzea, non azkenak hasiera ahantzarazi zuen. Gaur egun modan dago bere haurtzaroko gertakizunez soilik arduratzea eta garai hartako memorioak besterik ez dira irakurtzen.

        Hona hemen Paris hiriko jeneral batek gerra batzar batean egindako solasa, zein, egia aitortu behar badut, ez dudan ia deus ere ulertzen:

        «Jaunak, gure tropak atzera jo behar izan duten arren zenbait galerarekin, uste dut erraz gaindituko dugula galtze han. Kanta bat prestatu dut, sei bertsotakoa, paperetan emateko gertu dagoena, eta ziur nago gauza guztiak bere lekuan utziko dituela. Hautatu ditut ere Herria liluratuko duten bular hauspo sendotik ateratako ahots benetan ozenak. Daukan aldeak orain artean eragin txit berezia izan du.

        Hori aski ez bada, agerraraziko dugu Mazarin urkatua ikusaraziko duen irudi bat.

        Zorionez guretzat ez du horrek frantsesa bereziki ongi mintzatzen eta hala hondatzen du, non ez den batere harrigarri bere arazoak hondamendirantz abia daitezen. Ez dugu hutsik egiten Herriari ohartarazten badiogu, zein era irrigarrian ahoskatzen duen. Duela egun gutxi, gramatikari halako ostikoa eman zion, ezen horren gainean ixkina guztietan irri eta ziri aski zerabiltzaten.

        Zortzi egunen buruan seguru nago Herria Mazarin izenaz baliatuko dela zamari eta garraia-abere guztiak izendatzeko.

        Gure galaraz geroztik hain garrazki jipoitu du gure musikak bekatu higuingarri horrengatik, ezen, bere aldekoak erdira mendratuak ez ikustearren, bere morroi guztiak bidalarazi behar izan dituen.

        Animo bada, kurai bar ezazue, eta ziur izan zaitezte txistuka behartuko dugula berriro mendiak iragan ditzan.»

Parisen,
1718ko Chahban-en ilargiaren 4ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia