CX GUTUNA
RICA-k ***-i
Emakume eder baten egitekoa uste baino askoz ere inportanteagoa da: goizean bere apainlekuan zerbitzarien artean gertatzen den baino gauza serioagorik ez dago; gudarosteko jeneral batek ez du hainbat astirik hartzen bere eskuineko edo erreserbako tropa kokatzen, zenbat hark aldrebes edo arrakastatsu daitekeen orina ezartzen.
Zenbat injenio, zenbat arreta ez den behar izaten bi amorante etsaien interesak etengabe elkartzeko, biekiko oreka mantentzen dela irudikatzeko, bata eta bestearen zerbitzari eta bitartekari agertzeko sorrarazten dien kexu guztietan!
Zein egiteko berezia atsegin eta plazeren sortzaile izaki eta, era berean, beroiek hauts ditzaketen istripu guztiak aldez aurretik behatzen jakitearena!
Guzti horrekin, arazorik handiena ez da libertitzea; irudia ematea baizik: nahi duzun adina aspertu ditzakezu eta barkatuko dizute, sinesten baduzu libertitu egin direla.
Duela egun batzuk joan nintzen hiritik kanpo andere batzuek antolatzen zuten afarira. Bidean etengabe zioten: «Gutxienez libertituko gara».
Ez zen, ordea, hala gertatu eta ondorioz aski serioski esan zuen andere haietako batek: «Aitortu beharra dago ongi libertitzen ari garela: ez dago Parisen gurea baino talde alaiagorik.» Asperraldian irabazten bide baininduen andere batek astindurik esan zidan: «Eta? ez al gaude bada umore onean? — Bai, erantzun nion aharrausika; uste dut irriz lehertzera noakizula.» Alabaina, tristeziak nire gogoeta guztiak gainditzen zituen eta aharrausika nire plazer guztiekin bukatu zuen lozorroak hartu ninduen.
Parisen,
1718ko Maharram-en ilargiaren 11an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu