CIX GUTUNA
RICA-k ***-i
Pariseko Unibertsitatea Frantziako erregeen prima da, eta prima zaharra: zeren bederatzi ehun urte baino gehiago baitu; eta, beraz, ez da harrigarria zenbaitetan lelo xamar ibiltzea.
Duela denbora luzea, kontatu didate, izan zela eztabaida izugarria doktoreen artean Q hizkiaren gainean, K bezala ebakia izan zedin nahi baitzuten. Sesioa hainbesteraino berotu zen, non batzuek bere ongiez ere gabetuak izan ziren. Azkenean Parlamentuak erabaki zuen auzia, eta agindu ospetsu batez Frantziako erregearen menpeko guztiek nahi zuten bezala ahoska zezaketen. Benetan pollita ikustea Europako bi talde errespetagarrienak arduratzen alfabetako letra baten etorkizunaz.
Nire *** maitea, badirudi gizon argitsuenen buruak batzarturik daudenean hertsi egiten direla, eta zuhur gehiago dagoen lekuan zuhurtzia gutxiago dela. Talde handiak hala atxikitzen zaizkie beti gauza ttipiei, aztura hutsalei, non ez duten inoiz lortzen ondoren dagoen benetakotasuna. Entzuna dut behin Aragoiko erregeak bildu zituelarik Aragoiko eta Kataluniako estatuak, eztabaidatzen iragan zituztela lehen sesioak, ea zein hizkuntzatan eman behar zituzten erabakiak; hain izan zen arazoa bizia, ezen biltzarrak hamaika aldiz hautsi ziren, azkenean erabakitzeko galderak katalanez eginen zirela eta erantzunak aragonesez emanen.
Parisetik,
1718ko Zilhagé-ren ilargiaren 25ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu