CVIII GUTUNA

USBEK-ek ***-i

 

        Bada hemen liburu mota bat Persian ezagutzen ez duguna, eta benetan oso modan dagoena: egunkariak dira. Irakurriz nagikeria lausengaturik sentitzen da: atseginez ikusten baitu ordu laurden batean hogeita hamar liburuki irakur ditzakeela.

        Liburu gehienetan ohiko goresmenak bukatu bezain laster, irakurleak jada aspertuak gelditzen dira, erdi akabaturik sartzen baitira hitz itsaso baten erdian ia itota. Honek ospea lortu nahi du in-douze batekin; besteak in-quarto eta grina ederrenak dituen hark in-folio deitukoarekin. Beraz nahita nahiez gaia neurriaren arabera luzatu beharko du; eta hau batere gupidarik gabe egiten du, egileak hartu duen lana luzatzen, laburtzen, irakurle gizagaixoak hartzen duen lanak bost axola diola.

        Ez dakit, ***, zer meritu duen horrelako liburuak egitea: zeren neronek eginen nituzkeen nire osasuna eta liburutegia hondatu nahiko banitu.

        Kazetariek duten akatsik handiena liburu berriez bakarrik hitz egitea da; egia, inoiz berria bailitzan. Iruditzen zait liburu zahar guztiak irakurri arte, ez dagoela inongo arrazoinik liburu berriak hobesteko.

        Baina, arragoatik gori-gori irten berriak direnen gainean bakarrik hitz egiteko legea ezarri dutenez, beste obligazione bat hartzen dute, alegia, aspergarri huts izatekoarena. Hautatzen dituzten zatien egileak kritikatzen kontu handia hartzen dute, dena dela zioa; eta, beraz, nor da hain ausarta hilero hamar edo hamabi etsai irabazteko lain?

        Egile gehienak poeten antzekoak dira, inongo kexurik gabe hamaika makilakada sufritzeko gai baitira, baina beren bizkarrez arduratu gabe ezin dutenak inolaz ere beren obrei buruzko kritikarik ñimiñoena ere pairatu. Kontu handia eduki behar da, beraz, ez erasotzearekin hain sentibera daukaten puntuan, eta kazetariek hori ongi asko ezagutzen dute. Hala bada, alderantzizkoa egiten dute. Gaia laudorioz betetzen hasten dira: lehenbiziko asperraldia. Gero egilea ospatzen dute; alabantza bortxatuak: zeren oraino arnas dutenez ari baitira, guztiz gertu daudenak gainera luma kolpez kazetari ausarta erasotzeko eta suntsitzeko.

Parisen,
1718ko Zilcadé-ren ilargiaren 5ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia