CVII GUTUNA

RICA-k SMYRNE-n dagoen IBBEN-i

 

        Monarka gaztea ikusi dut. Bere bizitza menpekoentzat txit baliagarri da. Ez da guttiago Europa guztiarentzat, haren heriotzak sor ditzakeen asaldamendu handien ondorioengatik. Baina Erregeak, Jainkoak bezalakoxeak dira, eta bizi diren bitartean, hilezkortzat jo behar ditugu. Bere itxura erregetasunari dagokiona izan arren, atsegina da; heziketa on batek badirudi lagun duela jite on bat eta jada printze handia iragartzen du.

        Diotenez, ezin daiteke ezagutu Mendebaldeko errege baten nortasuna bere amorantearen eta aitorlearen froga handiak igaro arte. Berehala ikusiko ditugu bata eta bestea, jo eta ke, haren izpirituaz jabetu nahiz, eta borroka latzak emango dira horretan: zeren, printze gazte baten menpean bi botere horiek beti diren etsai: baina elkartu eta batu egiten dira zahar baten menpean. Gazte baten menpean derbitxeak duen egitekoa aski zaila da: Erregearen indarrak haren ahulezia dakar; baina bestea bere ahulezia eta indarraren gainetik garaile irteten da.

        Frantziara iritsi nintzenean, Errege zena zeharo andereek menperatuta aurkitu nuen, baina zuen adinean nik uste haien behar gutxiena zeukan Lurreko monarka zela. Entzun nuen andere bat esaten: «Zerbait egin beharra dago kolonel gazte honen alde: duen balentria nabarmena da; aipatuko diot ministroari.» Beste batek zioen: «Harrigarria da nola bazterturik dagoen abade gazte hori; apezpiku bilakatu beharko luke: jaiotza onekoa da eta erantzun nezake haren ohiturez.» Ez pentsa horrela mintzo zirenak Printzearen maiteenak zirenik: agian ez zioten beren bizitzan bi aldiz hitz egin: bestalde, gauza aski erraza europar printzeen baitan. Baina, ez da inor egitekoren bat Gortean duenik, Parisen edo probintzietan andere bat ez duenik, zeinen eskuetarik iraganen diren egin ditzakeen graziak oro, eta zenbaitetan injustiziak ere. Andere guzti hauek harremanak dauzkate beren artean, eta elkar laguntzeko beti partaide eraginkorrek errepublika era bat osatzen dute: Estatu barruko estatu berri baten gisakoa da; eta Gortean, Parisen, probintzietan dagoenak, eta ministroak, lege-gizonak, eliza-buruak obratzen ikusten dituenak, ez baditu gobernatzen dituzten andereak ezagutzen, martxan dabilen makina ikusten duena, baina nola funtzionatzen duen ez dakiena bezalaxe da.

        Uste duzu, Ibben, andere bat ministroaren amorantea bilakatzen dela honekin ohatzeagatik? Ezta pentsatu ere! Goizero bospasei eskaera aurkezteko baizik, eta beren izaeraren onezia ehun mila libra errenta ematen dieten hamaika dohakabe laguntzen ezartzen duten suan ageri da.

        Persian, kexu dira bizpahiru anderek gobernatzen dituztelako. Mila aldiz okerrago da Frantzian, hemen, orokorki, andereek gobernatzen dutenez eta ez direnez jabetzen botere larriaz bakarrik, botere guztia elkarren artean xehekiro banatzen dute.

Parisen,
1717ko Chalval-en ilargiaren azkenean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia