VIII GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-go bere adiskide RUSTAN-i
Erzeron-en, orain nagoen hirian iritsi zait zure gutuna. Banekien aldez aurretik nire partiadak sortuko zuela zer esanik; baina ez dit batere arrangurarik sortzen. Zeini nahi duzu jarraiki natzaion, nire etsaien zuhurtziari ala neureari?
Gazte-gaztetandik ibilia nauzu Gortean. Esan dezaket, halere, nire bihotza ez zela han usteldu, nire baitan asmo sendoa altxatu nuela: han ere bertutetsu izatera ausartzekoa. Bizioa ezagutu nuen une beretik gibelatu nintzaion, baina berehala hurbildu ere ezagutaraztearren. Egia tronuaren oinetaraino eraman nuen, eta han ezagutzen ez zen mintzaeraz hitz egin nuen; zurikeria salatu nuen, adoratzaileak eta idoloa bat batean harri eta zur utziz.
Baina ohartu nintzenean nire zintzotasunak etsaiak sortu zizkidala; ministroen jeloskeria irabazi nuela Printzearen faborea lortu gabe; gorte ustel batean bertute ahul batez soilik mantentzen nintzela bakarrik; uztea erabaki nuen. Zientzienganako liluramendu itsuaren itxurak egin nituen, baina halaxe aritzearen poderioz miresmena benetakoa bilakatu zitzaidan. Ez nintzen jada arazoetan nahasten eta etxalde apartatu batera erretiratu nintzen. Erabaki honek, ordea, bazituen ere bere alde txarrak; beti bainengoen nire etsaien maltzurkeriaren menpe, hau saihesteko bitartekoak baztertu nituenez. Aholku sekretu batzuek nitaz pentsarazi zidaten. Eta desterruko bidea hartzea erabaki nuen, eta nire Gorteko erretiroak onar zitekeen aitzakia eman zidan. Joan nintzen Erregearengana, adierazi nion Mendebaldeko zientziak ikasteko neukan gutizia, eta nire bidaiaz onik atera zezakeela susmarazi. Ongi iruditu zitzaion, eta partitu nintzen nire etsaiei kritikagaia ebatsiz.
Hona hemen, Rustan, nire bidaiaren benetako arrazoia. Utz ezazu Ispahan mintzatzen, ez zaitez alde ager maite nautenen aitzinean baizik, utz iezaiezu nire etsaiei beren iritzi maltzurrak adierazten, zoriontsuegi bainaiz egin diezadaketen kalte bakarra horixe denez gero.
Orain nitaz mintzo dira. Agian laster ahantziegia izanen naiz eta nire adiskideek ere... Ez Rustan, ez dut horrelako gogoeta tristerik nahi; beti maitabera izanen natzaie; haien leialtasunean zurean adina fidatzen naiz.
Erzeron-dik,
1711ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 20an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu