CV GUTUNA

RHEDI-k PARISen dagoen USBEK-i

 

        Zure gutunetarik batean luze mintzatu zatzaizkit Mendebaldeko arte landu eta zientziez. Basati bat bainintzen begiratuko nauzu; baina ez dakit beraietatik ateratzen diren balioak egunero beraien kontura gizonek egiten dituzten kalteen ordaingarri diren.

        Entzuna dut, bonben edireiteak Europako herri guztien askatasuna galarazi duela. Printzeek, ezin fidaturik hirien zaindaritza hiritarrei, hauek lehen bonbaren erorketarekin errendituko liratekeela eta; tropa arautu handiak mantentzeko aitzakia horretan ipini eta ondorioz beren menpekoak zapaldu dituztela.

        Badakizu, bolbora asmatu zenez geroztik, ez dagoela jada hiri hartu ezinik; alegia, Usbek, ez dagoela Lurraren gainean babesik injustizia eta bortizkeriaren aurka.

        Beldur naiz etengabe gizonak akabatzeko, herri eta nazio osoak suntsitzeko bide azkarragoren bat edo sekreturen bat lortzen den bakoitzean.

        Historiagileak irakurri dituzu; kontutan har itzazu: ia monarkia guztiak arteen ezjakintasunean oinarritu izan dira, eta ez dira desegin gehiegi landu zituztenean baizik. Persiako inperio zaharrak barne adibide bat eskain diezaguke.

        Ez du denbora luzea Europan nabilela; baina entzun izan ditut jende burutsuak kimikak sortu hondamendiez hitz egiten: badirudi gizonak hondatzen eta xeheki baina etengabe desegiten dituen laugarren gaitza dela; gerrak, aldiz, izurriteak, goseteak, osorik deuseztatzen dituzte, baina tarteka.

        Zertarako balio izan digu itsas orratza asmatzea eta hainbat herrialde aurkitzea, hauen aberastasunez baino gehiago eritasunez jabetzeko ez bada? Urrea eta zilarra hitzarmen orokor baten medioz marxandiza guztien salneurritzat eta beren balio bermatzailetzat onartuak izan ziren, zeren metal hauek urriak eta beste edozein erabilerako hutsalak baitziren. Zer axola zion bada arruntagoak bilaka zitezen, eta jangai baten balioa seinalatzeko, bi edo hiru seinale baten ordez ukan genitzan? Ez zen desegokiago baizik.

        Baina, bestalde, asmaketa hau aski gaitza izan zaie ediren berri diren herrialdeei. Nazio osoak suntsituak izan dira, eta heriotzatik libratu diren gizonak hain esklabotasun latzaren menpe gelditu dira, non kontaketa berak izuarazten dituen Musulmanak.

        Zorioneko ezjakintasuna Mahomet-en semeena! Gure Profeta sainduek hainbeste maitatu sinpletasun amultsua, antzinako garaietako lainotasuna, eta gure lehen gurasoen bihotzean agintzen zuen lasaitasuna gogorarazten dit beti!

Veneziatik,
1717ko Rhamazan-en ilargiaren 2an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia