CIV GUTUNA
USBEK-ek BERAri
Europako herri guztiak ez daude beren printzeen peko uztarri berdinean; adibidez, pazientziarik gabeko Ingelesen nortasunak ez dio uzten beren erregeari duen agintea areagotzen; menpekotasuna eta obedientzia dira gutxien onesten dituzten bertuteak. Gai honen gainean gauza benetan bitxiak esaten dituzte. Diotenez, lotura batek bakarrik uztar ditzake gizonak, alegia, esker onak: senar bat, andere bat, aita bat eta seme bat ez daude elkar loturik elkarrekiko maitasunaz ez bada, edo elkarri egiten dioten ontasunaz; eta esker onaren kausa ezberdin hauek erresuma eta gizarte guztien iturburu dira.
Baina, printze batek bere menpekoak zoriontsu bizi daitezen ahalegindu ordez, zanpatu eta desegin nahi baldin baditu, obedientziaren oinarria desagertzen da: ezerk ez ditu lotzen, ez estekatzen deusek: eta askatasun naturalera itzultzen dira. Muga gabeko botere guztiak direla ez legezko, sustengatzen dute. Zeren, ez diezaiokegun, diote, beste inori geure buruaz daukaguna baino botere gehiagorik eman. Hala bada, geuk ere ez dugu guregan mugagabeko botererik: adibidez, ez dezakegu geure buruaz beste egin. Inork, beraz, ez dezake Lurraren gainean horrelako botererik izan, diote.
Erregearen kontrako krimena ez da beren iritziz besterik, alegia, ahulenak indartsuenaren kontra desobedituz egiten duen krimena baizik, dena delarik desobedientzia mota. Honela Ingalaterrako herriak, beren erregeak baino indartsuago kontsideratuz bere burua, menpekoei gerra egitea erregearen kontra egitea bezain krimen handia zela erabaki zuen. Arrazoi osoa dute, beraz, diotenean beren Botereak errespetatzeko beren Alkoranaren agindua erraz zaiela segitzea, ezinbestekoa baitzaie hari jarraitzea; hainbat areago bertutetsuenari eragiten ez dionez, indartsuenari baizik.
Ingelesek diotenez, errege batek koroa kendu nahian zebilkion printzea bentzutu eta preso egin ondoren, fidelitate eza eta saldukeria erasiatu zion: «Duela memento bat bakarrik, erantzun zion printze dohakabeak, erabaki izan dela nor den traidorea».
Indarrez boterea bereganatu duenak, berak bezala Sorterria zapaldu ez duten guztiak errebelde deklaratzen ditu, eta pentsatuz, epailerik ikusten ez den lekuan ez dagoela legerik, Zerutik jaitsitako aginduak balira bezala errespetarazten ditu fortunaren eta menturaren kapritxoak.
Parisen,
1717ko Rebiab 2.aren ilargiaren 20an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu