CIII GUTUNA
USBEK-ek BERAri
Nire azken gutunaren ildoari jarraikiz, hona gutxi gorabehera lehengo egunean Europar aski argi batek esaten zidana:
«Asiako printzeek hartu duten erabakirik okerrena gordeta bizitzea da. Errespetagarriagoak bilakatu nahi dute; baina Erregetza errespetarazten dute eta ez Erregea, eta menpekoen gogoa tronu bati lotzen diote, baina ez pertsona zehatz bati.
Gobernatzen dituen botere ikusiezin hori beti da bera Herriarentzat. Izenez bakarrik ezagutzen dituzten hamar erregek elkarri bata bestearen ondotik lepoa moztu izan arren, ez dute inongo ezberdintasunik nabaritzen; Izpirituek jarraian gobernatuko balituzte bezala da.
Gure errege Henri IV.a handiaren aita-hiltzaile higuingarriak horrelako kolperik eman izan balio Indietako errege bati, errege-zigilu eta altxor neurri ezinaren jabeari, harentzat bilduak ziruditenak, lasai aski hartu izango zukeen Inperioko uhalak, bere erregea, bere familia eta bere haurrez inortxok galderarik egin gabe.
Ekialdeko printzeen gobernuan ia inoiz aldaketarik ez delako harritzen gara. Nondik hori, ez balitz basa eta higuingarria?
Printzeak edo Herriak soilik burutu ditzake kanbioak. Baina, erne daude printzeak aldaketarik gerta ez dadin, zeren gradu gorenaz dastatzen duten botereaz, eta dezaketen guztia baitute; eta zerbait kanbiatuko balute, beren kaltetan besterik ez bailitzateke izanen.
Menpekoei dagokienez, norbaitek erabakiren bat hartuko balu, Estatuaren kontra ezinen luke burutu: beharrezkoa bailitzaioke kolpetik halako botere izugarri eta beti bakarra dena iraultzea; bai astiak, eta bai bitartekoek huts eginen liokete; baina botere honen iturburura jotzea besterik ez luke, eta hala beso sendo bat, nola une bat aski lituzke.
Hiltzailea tronura igoko da Monarka jaitsi, erori eta bere oinetan hilen den bitartean.
Europan kontent ez dagoenak sekretuki ahaleginak egiten ditu beste kideekin biltzen, etsaiekin itunak egiten, hiriren bat bereganatzen, menpekoen artean murmurio hutsalak barreiatzen. Asian, aldiz, deskontent denak zuzen doa printzearengana, harri eta zur uzten du, kolpatzen eta aldatzen du; izaite urratsak berak desagerrarazten dituelarik: istant batean esklaboa nagusi bilakatu da, bat-batean indarrez nagusitu dena legeztatua dago.
Dohakabea buru bakarreko erregea! Balirudike bere botere guztia bertan kokaturik dagoela handinahiz datorren lehenari adieraztearren non aurkitzen den osorik.
Parisen,
1717ko Rebiab 2.aren ilargiaren 17an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu