CI GUTUNA
USBEK-ek ***-i
Hemen etengabe mintzo dira Konstituzioaz. Lehengo egunean sarta nintzen etxe batean eta hantxe zegoen aurpegi gorri-gorria zeukan gizon lodi bat, ahots goraz zioela: «Nere agindua emana dut; ez diot, beraz, erantzungo esaten duzunari; irakur ezazu nire agindua, bada, eta ikusiko duzu zure duda guztiak erabakiak ditudala. Izerdi franko aterarazi dizkit, esaten du eskua kopetara jasoaz: nire dotrina guztiaren beharra izan dut eta idazle latindar piloaren irakurketarena. — Sinesten dizut, zioen han zegoen gizon batek: obra ederra baita, eta apustu egingo nioke zu bisitatzera etortzen den jesuita horri ezetz hobea idatzi. — Irakur ezazu, bada, ziotsan berriz, eta gai hauetaz gehiago jakingo duzu ordu laurden batean nik esplikatzen egun osoan jardungo banizu baino.» Hona nola saihestu zuen gaiari heltzea eta bere jakituria zalantzan jartzea. Baina, presatua aurkitu baitzen, irten behar izan zuen bere gerizatik eta hasi zen teologiazko lelokeria mordo bat esaten, derbitxe batek errespetu handiz beste handiago batzuk itzultzen zizkiolarik. Han zeuden bi gizonek hastapenen bat ukatzen ziotenean, honela hasten zen: «Hori egia da: eta hala epaitu dugu, hutsik egin ez dezakegun epaileak baikara. — Eta nolaz bada, esan nion orduan, zarete hutsik egin ez dezakezuen epaileak? — Ez al duzu ikusten, erantsi zuen, Izpiritu Sainduak argitzen gaituela? — Zorionekoak, erantzun nion: ezen, egun osoan mintzatu zarenaren arabera uste nuen argitzeko behar handia zeneukala.»
Parisen,
1717ko Rebiab 1.aren ilargiaren 18an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu