XCIX GUTUNA

RICA-k VENEZIAn dagoen RHEDI-ri

 

        Harrigarriak direla uste dut Frantsesen baitan diren moda kapritxoak. Uda honetan nola zihoazen jantzita ahantzi dute: oraindik ezjakinago izanen dira neguko jantziez. Baina, batez ere, ezin sinetsia da zenbat kostatzen zaion senar bati bere anderea modara jantzia edukitzea.

        Zertarako balioko lidake daramaten jantzi eta soinekoen deskripzio zehatz bat egitea? Moda berri batek nire obra osoa deseginen luke, beren langileena bezalatsu, eta zuk nire gutuna errezibitu aitzin dena aldatua legoke.

        Hiritik kanpo sei hilabete igarotzeko Parisa uzten duen andere batek bertan hogeita hamar urte bizi izan balitu bezain zaharkitua itzultzen da. Semeak ez du jada amaren irudia ezagutzen, hain deritzo arrotz daraman jantziari; eta Amerikarraren bat dela uste du, edota pintoreak bere fantesiaren bat pintatu nahi izan duela.

        Batzuetan orrazkera gero eta goragorantz abiatzen da oharkabean, eta bat-batean iraultza batek beheitiarazten du. Garai batean hain gora izatera iritsi zen, andere baten begitartea haren erdian gelditzen zela. Beste batean leku hau oinek hartzen zuten: orpoek airean mantentzen zituen halako zutabea eraikitzen baitzuten. Nork sinista lezake? arkitektak behartuak izan dira ateen altura goratzera, jaistera edota zabalera handitzera andereen hornimendu hauen eskaeren arabera, eta beren antzearen arauak kapritxo hauetara moldatu behar izan dituzte. Batzuetan aurpegi batean orin multzo izugarria ikusten da, eta denak desagertzen biharamunean. Antzina, andereek soin goratasuna eta hortzak zituzten; egun, ez dio horrek axolarik. Nazio aldakor honetan, dena dela irkaiztunek diotena, alabak ez daude beren amen erara moldatuak.

        Modekin gertatzen dena, berdin bizitzeko era eta moldeekin; erregearen adinaren arabera aldatzen dituzte ohiturak Frantsesek. Monarkak hala nahiko balu Nazio bera bilaka lezake serioa. Printzeak bere eitearen nortasuna ezartzen dio Gorteari; Gorteak Hiriari; Hiriak probintziei. Soberanoaren arimak beste denak moldatzen ditu.

Parisen,
1717ko Saphar-en ilargiaren 8an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia