XCVIII GUTUNA
USBEK-ek SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Fortuna hemen bezain aldakorra den herrialderik ez dago Munduan. Hamar urtetik hamar urtera aberatsak miserian eta pobreak hegats armez aberastasunaren gailurrera goratzen dituzten iraultzak gertatzen dira. Hau txunditurik dago bere pobreziaz; beste hura bere oparotasunaz. Aberats berriak Probidentziaren zuhurtzia miresten du; pobreak, ezinbestearen fatu itsua.
Zergak goratzen dituztenek altxorren erdian igeri dabiltza: hauen artean, Tantalo gutxi dago. Beraz, miseria gorritik hasten dira ofizioan; eta behartsu diren bitartean lohi bezala mespretxatuak dira; aberatsak direnean, aldiz, oso estimu handitan dituzte: eta hau lortzearren ez dute deus gutxiesten.
Egun, egoera benetan larrian aurkitzen dira. Justiziazkoa deitu ganbara sorberri dute, zuten ongi guztiak kenduko dizkienak. Ez dezakete gibela, ez gorde beren ongirik: zuzen deklaratzera behartuak baitaude, heriotza-zigorpean. Beraz, hertsidura estuaski batetik iraganarazten dituzte: esan nahi dut, bizitza ala diruarenetik. Eta zorigaitzaren azkena da, badela ministro bat, jenio biziaz ezaguna, bere irrigaiztoz ohoratzen dituena adarra joaz Batzarraren deliberamendu guztiekin. Ez da egunero aurkitzen Herria irriarazteko prest dagoen ministrorik, eta horrelako jokabidea hartua eskertu behar zaio honi.
Lekaioen taldea Frantzian beste inon baino ugariagoa da; jaun handien mintegia da: beste estatuen hutsunea betetzen du. Dohakabe handien lekua osatzen dute, hala erreka jo duten legegizonena, nola gerrako furiak akabatu dituen aitoren semeena; eta, berez ezina zaienean ordezkatzea, etxe handi guztiak, lur menditsu eta agorrak gizentzen dituen simaurraren gisakoak diren, beren alaben bitartez ordezkatzen dituzte.
Ibben, iruditzen zait Probidentzia miresgarria dela aberastasunak banatu dituen eran: jende ongidunen artean bakarrik banatu izan balu, ez lituzke behar adina sarituak izango bertutetsuak, eta ez genuke behar adina haien ezereztasuna ezagutuko. Baina, aztertzen ditugunean ongiez gehien zamatuak direnak, aberatsekiko mespretxua handitzen zaigun heinean ditugu aberastasunak gutxiesten.
Parisen,
1717ko Maharram-en ilargiaren 26an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu