XCVII GUTUNA
USBEK-ek JARON mendiko derbitxe den HASSEIN-i
O, hainbeste ezagutzez diztizari eta argiz betea zaren Derbitxe zuhur hori, entzun ezazu esatera noakizuna.
Badira hemen filosofoak, egiaz, ekialdeko jakintzaren gailurra lortu ez dutenak: tronu diztizariak ez ditu oraindik liluratu; ez dituzte, ez Aingeruen kontzertuetan durundari dabiltzan hitz ezin esanak entzun, ezta aditu Jainkoaren haserre izugarria; baina, beren kasa abandonatuak, eta mirari sainduez gabetuak, isiltasunean segitzen dituzte giza adimenaren urratsak.
Ez zenuke sinetsiko noraino eraman dituen gidari honek. Kaosa askatu dute eta mekanika xume batez, Jainkoaren arkitektura-ordena argitu. Naturaren egileak higidura eman dio materiari: eta aski izan da hori Unibertsoan ikusten ditugun emaitza ezberdin hauen miraria sortzeko.
Gizarteak gidatzeko arauak proposatzen dizkigute legegile arruntek; lege aldakorrak proposatzaileen eta gordetzen dituzten herrien izpirituak bezalaxe. Hauek lege orokor, aldatu ezin, betierekoez, inongo salbuespenik gabe errespetatzen diren eta orden zehatz, espazioen mugagabean azkartasun guztiz aritzen direnez baizik ez digute hitz egiten.
Eta zer uste duzu, Gizon jainkotiarra, direla legeok? Agian Betierekoaren batzarrean sartuz, iruditzen zaizu, misterioen gorentasunak harrituko zaituela, eta aldez aurretik konprenitzeari uko eginez, mirespenez liluratua izan nahiko duzu.
Baina laster aldatuko zara iritziz: ez dute liluratzen inolaz ere errespetu faltsu bategatik; luzaro beren sinpletasuna izan da ezezagutzaren kausa, eta gogoeta anitzen ondorioz soilik ezagutu zaie zuten joritasun eta handitasuna.
Lehenbizikoa da, gorputz guztiek zuzen ibiltzeko jaidura dutela, ez badute bidean oztoporen bat aurkitzen, zeharkaraziko dituenik; eta bigarrena, honen jarraia dena, hau da, edozein gorputz puntu baten inguruan jira-biran badabil, bertatik urruntzeko joera duela, zeren, zenbat eta urrunago, orduan eta egiten duen lerroa zuzenagoa den.
Hona, Derbitxe ohoragarria, naturaren giltza; hona hastapen emankorrak eta ikus-ahala urrun doazen ondorioak sortzen dituena.
Bospasei egiaren ezagutzak euren filosofia mirariz betea bilakatu du, eta ia gure profeta sainduek kontatzen dizkiguten adina mirad harrigarri eginarazi dizkie.
Zeren, azken finean, ziur naizen ez dagoela gire doktoreen artean batere harrituko ez denik esaten bazaio, balantza batean Lur inguruko aire guztia neurtu behar duela, edo haren gainean urte osoan erortzen den euria, eta hamaika aldiz pentsatuko ez lukeenik, esan aurretik zenbat lekua egiten dituen ordu batez hotsak, eta zenbat denbora iragaiten duen argi printza batek Eguzkitik hona; zenbat izan diren hemendik Saturnoraino; nolakoa behar duen izan itsasontzi baten Babel bihurgunea ahalik eta belarririk hoberena izan dadin.
Agian, gizon jainkotiarren batek filosofo hauen liburuak hitz gora eta ezin ederragoez hornitu izan balita, irudi ausartez eta misterioz beteriko alegoriez jantzi, Alkoran sainduaz salbu, beste guztien gaineko obra ederra egin zezakeen.
Alabaina, esan behar badizut pentsatzen dudana, ez dut batere gogoko irudiz hornitutako estiloa. Gure Alkoranean badira mila gauza ttiki beti halakoxe iruditzen zaizkidanak, esamoldearen bizitzaz eta indarraz goratuak izan arren. Badirudi lehenik, liburu goiargituak ez direla jainkotiar burutazioak giza hizkerara itzuliak baizik. Bestalde, gure Alkoranean, maiz aurkitzen dira Jainkoaren hizkera eta gizonen burutazioak, kapritxo miragarri baten medioz, Jainkoak hitzak ipini izan balitu bezala, eta gizonak gogoetak.
Gure artean sainduena dugunaz askeegi mintzo natzaizula, esango duzu agian: bizi garen herrialdeko independentziaren fruitua lela. Ez, Zeruari eskerrak, bihotza ez dit gogoak kutsatu, eta, Hali izaten da nire profeta bizi naizeino.
Parisetik,
1716ko Chahban-en ilargiaren 15ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu