VII GUTUNA

FATME-k ERZERON-en dagoen USBEK-i

 

        Duela bi hilabete partitu zinela, ene Usbek maitea, eta nagoen beheraldi honetan sinestezina egiten zait oraindik. Anderene osotik banabil bertan bazina bezala, ez bainaiteke desengainatu. Zer nahi duzu bilaka dadin maite zaituen anderea; bere besoetan zu edukitzen ohiturik zegoena: bere eztiaren frogak zureganatzeko ardura bakarra zeukana; aske jaiotzez eta esklabo amodioz dena?

        Esposatu zintudanean, nire begiak gizon baten aurpegia oraino ikusi gabeak ziren; eta zu izan zara zilegi izan zekidan bakarra; ez baititut gizonen errenkan sartzen akats ttipiena gizon ez izatearena duten eunuko espantagarri horiek. Zure aurpegiaren edertasuna horien itsustasunarekin erkatzen dudanean zoriontsua sentitzen naiz, eta nire irudimenak zure xarma zoragarrien irudia baino miresgarriagorik ezin dezake asma. Zin degizut, Ushek; nire kondizionearen halabeharrek eraginik preso nagoen leku honetarik ateratzea utziko banindute; ebasten nauten zaindariengandik ihes egitea lortuko banu; nazioen hiriburu honetan bizi diren gizonen artetik aukeratzea zilegiztatuko balidate ere; Ushek, zin degizut, zu bakarrik hautatuko zintuzkedala, ezin baitaiteke Munduan aurki zu bezala maitatua izatea merezi duenik. Ez pentsa, ez zaudelako hainbeste maite duzun edertasuna ihartzen uzten dudanik. Galarazia dudan arren inork ikus nazan, eta jakin arren nire apain hornigarriak alferrik direla zure agradamendurako, halere, laketzeko ohiturari eusten diot. Ez naiz inoiz oheratzen usain gozoenak dituzten perfumez lurrineztatu gabe. Nire besoetara zentozkidan garai zoriontsuez oroitzen naiz; plazerez betetzen nauten amets liluragarriek nire amodioaren irudi maitekorra agertzen didate, hura deseatuz galtzen da nire irudimena, haren itxaropenarekin balakatzen den eran. Zenbat aldiz ez ote dut pentsatu bidai nekagarri horretaz nardaturik gureganatzen zarela; eta ez loarenak ez beilarenak diren gogoetekin igarotzen ditut gauak; nire alboetan bilatzen zaitut eta badirudit ihesi zoazkidala; azkenean akabatzen nauen suak berak suntsiarazten dizkit liluramenduok eta nire baitara erakartzen. Ordukotz hain da sua bortitza...

        Usbek, ez nauzu sinetsiko, baina ezina zait bizitzea gehiago honela: suak irakiten dit zainetan. Nola daiteke adierazi ezina izatea hain barne sentitzen dudana! eta nola dezaket senti hain barnean ezin adierazi dizudana! Istant hauetan, Usbek, Munduko Inperioa ere emanen nuke zure laztan bakarraren ordainez. Zein malerusa gertatzen den emazte bat grina bortitz horien boterepean eta ase ditzakeen bakarraz gabetua denean! abandonatua utzirik, ezerk alegera ezin dezakeenean, eta bizi behar duenean suspirioetara eta pasio samur batera ohiturik; zoriontsu ez izateaz gain ez daitekeenean beste inoren zorion iturri izan ere: andereneko hornimendu ezdeusa, bere senarraren ohoreagatik eta ez zorionagatik gordea!

        Zein krudelak zareten gizonak! Ase ez ditzakegun pasioez beteta izan gaitezen gura duzue; bihotz gabeak bagina bezala tratatzen gaituzue, eta bestalde, kexu zinatekete halakoxeak hagina: Uste duzue hain luzaro atsekabez beteriko gure nahikundeak zuen bista aurrean biztu eginen direla. Gauza zaila da benetan maitatua izatea lortzea; errazagoa da zure meritu propioez espero ez duzuna gure sentimenduen etsipenetik iristea.

        Adio, nire Usbek maitea. Badakizu ez naizela bizi zu maitatzeko baizik; nire arima zutaz betea daukat; eta zure urruntzeak nire zureganako amodioa ahantzarazi ordez bortitzagotzen dit, hau posible balitz.

Ispahan-go anderenetik,
1711ko Rebiab 1.aren ilargiaren 12an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia