VI GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-en dagoen bere lagun NESSIR-i
Erivan-dik irten eta egun bateko bidaia egin ondoren Persia utzi genuen Turkoen menpean diren lurraldeetan sartzeko. Hamabi egun geroago Erzeron-era iritsi ginen, hiruzpalau hilabete bertan gelditu ginelarik.
Aitortu beharra dizut, Nessin: Persia bistatik galdu nuenean eta Osmanlin bihurrien artean aurkitu nintzenean oinaze ezkutu batek hozkatu ninduela. Profano hauen lurraldean barrenago eta neure burua ere halako sentitzen nuen.
Nire sorterria, nire familia, nire lagunak zetozkidan oroimenera; bihotz bera ernatu zitzaidan, eta halako kezka berezi batek bete ninduen eta konpreniarazi nire bakearentzat etsai ziratekeen ur handitan pulunpatua nintzela.
Baina bihotza gehien hunkitzen didana, nire andere saldoa da; ezin pentsa baitezaket beraiengan penez eta tristurez bete gabe.
Ez da, Nessir, onesten ditudala, alde horretatik soraiotasun batek libratzen nau desioetarik. Bizi izan naizen anderene ugarietan amodioa aitzinetik ikusi dut eta berez desegin; baina nire hoztasun horretatik irensten nauen jelosia ezkutu bat jaulkitzen ari zait. Ikusten dut andere saldoa bere kasa abandonatua; heien erantzukizuna duten bihotz ahul batzuek besterik ez dut. Kezka hutsa litzateke segur, nire mirabeak fidelak balira. Baina zer gerta liteke hala ez balira? Ezagutzera noan herrialde urrun horietan zer albiste triste iritsiko ote zait? Nire adiskideek horri ez diezaiokete erremediorik ezar; bertako sekretu malerusak ezin baititzakete ezagutu. Gainera, zer egin lezakete? Ez ote nuke nahiago utzi gaztigu gabe, isilean, oihartzun handiko gaztigua, argitan baino? Zure bihotzean ipintzen ditut nire kezka eta ardura guztiak, ene Nessir maitea, nagoen kinka honetan daukadan kontsolamendu bakarra baitzara.
Erzeron-dik,
1711ko Rebiab 2.aren ilargiaren 10ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu