II GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-go anderenean
dagoen LEHEN EUNUKO BELTZA-ri
Persiako andere ederrenen zaindari fidela haiz, eta Munduan maiteena nuena hire babespean utzi diat; niretzat bakarrik irekitzen diren fatu gaiztoko ateen giltzak hire eskutan dituk. Nire bihotzaren altxor prezios hori behatzen duan bitartean seguritate osoan zegok. Bai gauaren isiltasunean, bai eguneko zaratan sogile haiz, eta hire arreta nekaezinak bertutea mantentzen dik zalantzan eta kolokan dikeenean. Beren egitekoetarik irten nahiko balute hire zaindaritzapean dauden andereek, esperantza galaraziko liekek. Hi haiz bizioaren zigorra eta fidelitatearen habea.
Hik agintzen eta zerbitzatzen dituk; hik itsuki dituk betetzen euren borondate guztiak eta halaber betearazten dizkiek andereneko legeak. Ohore duk zerbitzu apalenak eskaintzen, errespetuz eta beldurrez beraien legezko aginduak dituk betetzen, zerbitzatzen ditualarik mirabeen morroi gisa. Baina gainerakoan nik bezalaxe jaun moduan agintzen duk modestiaren eta onestasunaren legeen arintzeaz beldur haizenean.
Ohart hadi beti zein nolako ezerezetik atera hindudan nire azken esklaboa hintzelarik, hagoen karguan ezartzeko eta nire bihotzeko limuriez partaide egiteko. Nire bihotzean parte dutenekin apal-apal porta hadi, baina era berean sentiaraz iezaiek daukaten menpekotasun osoa. Emazkiek aratz eta garbi diren plazerak oro; apaldu izkiek arrangurak; musikaz, dantzaz, edari gustagarriez entreteni hitzak; elkarrekin maiz bilarazi hitzak. Paseatzera joan nahi baditek eraman hitzake, baina erne ibil hadi hurbiltzen zaizkien gizon guztiekin. Arima araztasunaren irudia den garbitasunera bultza hitzak. Nitaz mintza hakie noizbehinka. Edertzen duten leku xarmagarri berean ikusi nahi nitizkek itzultzerakoan.
Agur.
Tauris-etik,
1711ko Saphar-en ilargiaren 18an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu