I GUTUNA

USBEK-ek ISPAHAN-go bere adiskide RUSTAN-i

 

        Egun bat besterik ez dugu eman Com-en. Hamabi Profeten Ama Birjinaren hilarrian gure debozioneak bukatu ditugunean bideari heldu diogu berriro, eta atzo Ispahan-dik irten ginela bosgarren eguna betetzerakoan Tauris-era iritsi ginen.

        Rica eta biok lehenbizikoak gara agian jakin-minak bultzatuta herritik urrunduak, eta bizimodu lasai baten eztia abandonatuz, zuhurtzia bila nekez ediretera abiatuak.

        Erresuma aberats batean jaioak izan arren ez dugu uste bere mugek gure ezaguerarenak behar zutenik mugatu, eta ekialdeko argiak bakarrik biztu.

        Idatzidazu gure bidaiaz esaten dutena, eta ez nazazu lausenga, bai baitakit gutxik onartzen nauela. Zuzen ezazu gutuna Erzeronera, denboraldi bat hemen emango dut eta.

        Agur, Rustan maitea; ziur egon zaitez Mundu honetan edonon nagoelarik adiskide leial bat duzula nigan.

 

Tauris-etik,
1711ko Saphar-en ilargiaren 15ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia