AITZIN-SOLAS

 

        Epistola dedikazionezkorik ez dut hemen idazten, ez eta ere liburuarentzat inolako menpegorik eskatzen: ona bada irakurriko da, eta txarra bada, bost axola ez badut irakurlerik.

        Irakurlegoaren dastamena nolakoa den ikusteko atera ditut lehen gutun hauek eta, geroago eman ditzakedan beste anitz ere baditut poltsikoan.

        Baina baldintza baten pean ematen ditut, alegia, nire izena ez dadila ezagutu, jakinen litzatekeen istant berberetik isilduko bainintzateke. Aski zuzen dabilen andere bat ezagutzen dut, behatzen zaion une beretik oker ibiltzen hasten dena. Badu berez obrak aski akats kritikaren begi zorrotzen aurrean nireak erantsirik aurkez dezadan. Jakinen balitz nor naizen esango lukete: «Liburuak egilearen jiteaz arnegatzen du, bere denbora gauza hobeagotan eman beharko luke egileak, ez dagokio hori gizon serio bati». Kritikariek maiz egiten dituzte horrelako gogoetak, noski, burua gehiegi nekatu gabe idatz baitaitezke.

        Hemen idazten duten Persiarrak nirekin bizi izan ziren, eta elkarrekin egoten ginen maiz. Beste mundu batekoa banintz bezala hartzen nindutenez, ez zidaten deus ere gordetzen. Benetan hain urrundik iritsitako jendeak ez zezakeen eduki sekreturik. Beren gutun gehienak erakusten zizkidaten, eta nik kopiak egiten nituen. Irakurri nituen ere persiar jeloskeria eta hantustearentzat atsekabegarriak zirenak eta niri erakustera ausartzen ez ziren zenbait.

        Ez dut, heraz, itzultzailearen ofizioa baizik bete hemen: nire lan guztia gure ohituretara egokitzea besterik ez da izan. Irakurleari asiarren hizkuntza nezakeen aldi guztietan arindu diot, eta amorrazioraino neka zezaketen hamaika goraipamen neurrigabeez libratu.

        Baina hori ez da dena. Ekialdekoek hainbeste maite dituzten konplimendu luze-aspergarriak laburtu egin ditut, eta baztertu argitaratzeko modukoak ez diren eta bi adiskideren artean bakarrik gelditu beharrezko txikikeria kontaezinak.

        Gauza hera egin balute gutun bildumak eman dizkiguten gehienek, haizeak zeramatzakeen.

        Maiz harritu izan nau gauza batek, alegia, ikusteak nola batzuetan Nazioaren ohitura eta usadioetan gu bezain heziak diren Persiarrak, detaile ttipi eta finenak ezagutzeraino eta Frantzian barrena bidaiatu duten Aleman berek konturatu ez direnez ohartzeraino. Nire ustez hau bertan eman duten denbora luzearen ondorioa litzateke; kontutan hartu gabe errazago zaiola Asiar bati urte batean Frantziako ohiturez jabetzea, Frantziar bati Asiakoez lau urtetan baino, zeren batzuek hitz egiten duten adina isiltzen baitira besteak.

        Usadioak, hala itzultzaileari nola eraberetsu komentariogilerik basatienari, bere itzulpen edo glosaren burua orijinalaren laudorioekin hornitzea zilegiztatzen dio, eta honen balio, meritu eta edertasunak goraipatzea. Ez dut horrelakorik egin, eta azkar asma daitezke arrazoiak. Hoberenetakoa da, aspergarri gerta litezkeela berez astun eta gogaigarri den leku batean, alegia, Aitzin-Solasean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia