ZENBAIT GOGOETA
PERSIAR GUTUNAK DIRELA ETA
Deusek ez du hala gogoak erakarri Persiar gutunak irakurtzean nola oharkabean eleberri antzeko zerbait aurkitzeak. Hasiera, jarraia eta bukaera. Kate batek lotzen dituela pertsonaia ezberdinak. Orduan eta Europako egonaldia luzeago orduan eta arruntago, komunago irudituko zaizkie Munduko parte honetan ematen diren ohiturak, eta bakoitzak sentituko duen mirespen eta harridura bere jitearen heinekoa izanen da. Bestalde, Usbek-i absentzia zenbat eta luzeago eta Asiako Jauregian bizi den nahasmendua hainbat eta handiago irudituko zaio, alegia, haserrea bortitzago eta amodioa ttipiago den neurrian.
Eleberri mota hauek, gainera, geure egungo egoeraz ohartzeko aukera ematen dutenez, idatz litezkeen istorio guztiek baino sakonago sentiaraz baititzakete pasioak, harrera ona izaten ohi dute. Eta Persiar gutunak argitaratu ondoren plazaratu idazlan xarmagarri batzuek duten arrakastaren zioa hauxe da, hain zuzen.
Ohiko eleberrietan, azkenez, ez da zilegi kontakizun berri bat tratatzea, saihets gairik ez badu osatzen. Ezin daiteke gogoetarik sar, pertsonaietarik norbait ez bada pentsatua izan gogoetak mamitzeko, bestela obraren egitasmoa eta oreka aldatua bailitzateke. Baina gutunetan, partaideak ez direnez hautatuak izan bereziki, eta gaiak ez daudenez aldez aurretik eraturiko plangintza baten menpe, egileak ahalmen eta askatasun gehiago hartzen du eleberrian eransteko nahi duenean filosofia, politika eta morala, eta dena neurri batean baizik ezagutzen ez den kate ezkutu batez lotzeko.
Hain ona izan zen Persiar gutunak izan zuten hasierako salmenta, non liburugileek ohi bezala entseatu ziren jarraipena ukan zezaten. Bidean topatzen zuten idazle orori esaten zioten: «Jauna, egidazu, arren, Persiar gutunak, bezalakoxe zerbait.»
Baina esan berri dudanak argi eta garbi frogatzen du ere ez dezaketela jarraipenik eduki, are gutxiago beste lumaz idatziriko gutunez, hauek izpirituz beteak izan arren.
Batzuei bertako zenbait ezten ausartegi iruditu zaien arren obraren jiteari errepara diezaioten eskatzen diet. Bertan ikusiko dute nola Persiar hain inportanteak bat-batean Europara aldatuak aurkitzen diren, alegia beste mundu batera. Garai batean ezjakintasunez eta aurreiritziz beteak presentatu behar ziren hauek, zerabiltzaten ideien sorreran eta aitzinamenduan bakarrik ipini arreta. Beren lehen gogoetak bereziak behar zuten izan; bazirudien ezin zitzaiela izpirituarekin bat zitekeen berezitasunik baizik eman; ez zitekeela pintatu baizik gauza ororen aurrean berezi-berezia zeritzetena. Gure erlijioaren hastapen bat aipatzetik urrun, inor ez zen susmagarri, ez eta ere zuhurtasun ezaz. Ezten hauek beti daude loturik ustekabe eta harridura sentimenduarekin, eta inolaz ez ikerketa ideiarekin, are gutxiago kritikarenarekin. Gure erlijioaz mintzatzerakoan Persiar hauek ez zuten heziago iruditu behar gure ohitura eta usadioez hitz egiten zutenean baino; eta gure dogmak noizbehinka bitxi sentitzen bazituzten ere, bitxikeria hau beti azpimarratua izanen zen dogma hauen eta gure egien arteko loturen ez jakitearen ondorio gisa.
Egia handi hauen izenean egiten da justifikazio hau, Gizartearenganako errespetutik zeharo at, zein ez den benetan kolpatu nahi izan alderik xamurrenean ere. Beraz, irakurleari eskatzen zaio ikus ditzan aipatu eztenkada horiek jendearengan harridura sortarazteko bitarteko huts bezala, edota ekintza ahalmenik ez zuten gizonen paradoxen gisara. Arreta honetan ezar dezan eskatzen zaio, alegia, agradamendu guztia benetako gauzak eta hauek ikusteko modu berezi, berri edo bitxiaren artean den kontrajartze betierekoan. Benetan Persiar gutunak duen jite eta helburua hain da nabarmena, non ez dezakeen beren buruak tronpatu nahi dituztenak baizik engaina.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu