AURKEZPEN GISARA

 

Mila esker Margarita Ricari
itzulpena zuzentzen eman didan laguntzagatik.

 

Une injustice fait à un seul
est une menace fait à tous.

(Montesquieu)

 

        Garaiko ingurunea eta baldintzak gaindituz beste denboretako irakurleari eta gizarteari munduaz eta bizitzaz sakon pentsarazteko akuilu bezala baliagarri denean liburu bat, klasikoa bilakatu dela esan dezakegu.

        Honelakoxea da eskuartean daukazun hau, irakurle, alegia, Montesquieu-ren Persiar Gutunak.

        Charles-Louis de Secondat, (Brède, 1689 — Paris, 1755), jaun baruak Bordele inguruko gaztelu batean jaioa izan arren ehun une juxtu Iraultza Frantsesa biztu aitzin, hala nahirik gurasoek, aitajauntzat behartsu bat ukan zuen bere bizitza osoan oroit zedin, pobreak bere anaiak zirela.

        Brède-ko herrian lehenik hezi eta haziko da laborarien artean, bertako patois deitu hizkera ongi menderatuz.

        Juilly-ko eskolan, hau da, predikatzaileenean ikasiko du 1700. urtetik 1705era, non, garaian ez ohiko zena, historiari leku handi bat ematen zioten, nabarituko zaiona geroago gure autoreari.

        Bordelen burutu zituen lege-ikasketak, abokatu diploma 1708an emanen diotelarik. Gero lau une igarotzen ditu Parisen. Hemen 1711. urtean, gazte-gazte beraz, galdu den izkribu bat idatzi zuen, De la Damnation éternelle des Païens, titulua zeramana, bertan frogatzen zuelarik antzinateko filosofoek ez zutela infernurik merezi.

        Bordelera itzultzen da 1713an juxtu bere aitaren heriotza-elizkizunetarako, eta 1714ko otsailaren 24an Parlamentuan kontseilari bezala errezibitu zuten, hurrengo urtean Jeanne de Lartigue kalbinista amorratua eta ehun mila liberako dotearen jabe zenarekin ezkondu zutelarik.

        Bere osabak izenarekin batera (Montesquieu) presidente bonetadun kargua utzi zion, 1716an. Funtzio honetan lanean hasi baino egun batzuk lehenago irakurri berria zuen hiriko Akademian garai hartako benetan ausarta zen solasa, Politique des Romains dans la religion. Gaia hauxe: zein nolako abilidadea eta martingalak darabiltzaten boteretsuek behartsuen gainean duten zapalkundea iraunarazteko.

        Bordelen eta Parisen ematen ditu bere egunak, eta badirudi une batez fisika eta natur zientziek liluratzen dutela, jakintza arlo guztiez interesaturik dagoela, era guztietako izkribuak idazten baititu. Hala oihartzunaren gainean (Mémoire sur l'écho, 1718), nola erreinetako glandulen eritasunez (Mémoire sur les maladies des glandes rénales, 1718), eta gorputzen transparentziaz edo astuntasunaz (Mémoire sur la transparence des corps, 1718) ea., ea. mikroskopioarekin lan egitea arrunt laket zaiolarik.

        Baina kuriositate bitxi hauek ez diote irauten anitz denbora eta 1721ean Amsterdam-en, Jacques Desbordes-en moldiztegian, egile izenik gabe, berehala arrakasta izugarria izango duen Lettres Persanes delakoa argitaratuko du.

        Parisen emanen ditu geroago zenbait une bertako argiz eta itzalez beteriko bizitza artistikoa dastatuz. Club de l'Entresol-en Dialogue de Sylla et d'Eucrate irakurtzen du, eta Le Temple de Gnide eleberria plazaratzen. Akademiara aurkezten da, hautatua izanen, baina Erregek baia ukatzen dio Parisen ez omen zela bizi eta aitzakia ezarriz.

        Besta eta plazer giroan murgildurik bizi arren, ez ditu bere lurren administrazioa eta zaintzea gutxiesten. Mahastiei buruzko memorio bat idazten du eta inkesta tekniko eta luze bat bidaltzen die aldameneko nagusiei beren lurraldeetan erabiltzen dituzten metodoez jabetzeko. Hala bada, bere kontura produzituko ditu La Brède eta inguruko ardo zuria, Entre-deux-Mers-etako ardo gorria, eta bere andereengandik datozkion lurretan, Armagnac-en eta Agen aldean, hain ospetsuak bilakatu aguardientak.

        Bordelera itzuliko da 1725ean eta jada idazten ari den L Esprit des Lois-en zatitxo batzuek irakurtzen ditu hiriko Akademian. Bere kargua saldu eta Parisera joanen da bizitzera. Oraingoan akademiko ohore guztiekin erregearen ezetza gaindituz, hautatuko dute 1728ko urtarrilaren 14an bere Sarrera Solasa irakurtzen duelarik, eta Sacy-k utzi aulkia hartuz. Mallet ospetsuak obra ez hain alderdikorrak eta egilearen izena eraman dezaketenak idaztera gonbidatzen du.

        Europan barrena bidaia luzea burutzea erabakitzen du 1728an. Lehenik Vienara, gero Gratz-era, ondoren Venezia, Padova, Vincenza, Verona, Milano, Torino, Genova, Pisa, Firenze, Roma, Napoli (hemen ikusitako San Genaroren mirakulu miresgarri eta irrigarria kontatuko digu) eta Italian jirabira eman ondoren Alemania bisitatuko du. Munich, Augsbourg, Heidelberg, Francfort, Magunzia, Colonia, Munster, eta Hannover bisitatu eta gero Holandara iritsiko da. La Haya-n Lord Chesterfield-ek Ingalaterrara gonbidatuko du eta hemen zurgin-beltzen partaide izatera iristen da.

        Dena zaio interesatzen bere bidaietan eta orotaz da arduratzen. Era guztietako industriak eta fabrikak, portuak, harrobiak, museoak, ohiturak, erakundeak, historia, ea., ea.. Oro ditu aztertzen, eta orotaz oharrak ditu jasotzen, bere ezagutzak elkarrizketen eta liburuen bidez handitzen doazelarik.

        Frantziara itzulitakoan bere obra nagusian murgilduko da, noizbehinka beste lantxo zenbait idatziz eta argitaratuz, hala nola jada aipaturik dugun Dialogue de Sylla et d'Eucrate (1745).

        Genève-n, 1748an plazaratuko du, oraingoan ere izenik gabe L'Esprit des Lois, zein oso irakurria izanen den, zeren urte bat pasatxo eta bazituen dagoeneko hogeita bi argitalpen plazaratuak.

        Adibidez, Federiko II.ak zenbait erreparo egiten badizkio ere bere ohe liburutzat edukiko du. Katalina II.ak, bestalde, irakurriz, qu'un empire étendu suposse naturellement un pouvoir illimité, alegia, inperio handi batek berez dakarrela gobernatzen duenaren baitarako botere mugagabea, berea estutzen, gogortzen eta hedatzen du. Ingelesek gobernatzen dituzten erakunde liberalen goraipamena aurkitzen dute liburuan, Marat-ek solas batean laudorioz bereko du eta Jefferson-ek luma eskuan irakurtzen.

        Noski, sortu zitzaizkion etsaiak, eta nola ez, eliz gizonen artean, batez ere jesuiten eta jansenisten bastan, hauetarik defenditzeko idatzi zuelarik Défense de L'Esprit des Lois (1750) baina bere obra nagusia, bertako zenbait pasarteren zuzenketa onartu arren, Sorbonne-koek kondenaturik jada, Index-eko zerrendetan ipini zuten (1751).

        Bere bizitzaren hondarrean Entziklopediarako «Essai sur le goût» artikulua idatzi zuen, hil eta hurrengo urtean (1756) argitaratua VII. tomoan.

        Laburkiro eman dugun bizi zertzelada hauetarik ikus dezakegun gizona, zientzi gizona, eleberrigilea eta filosofoa dugu. Baina bere burua epaitzerakoan honakoa zioen, j'ai fait en ma vie bien de sottises, et jamais des méchancetés, alegia, bizitzan tontakeria ugari egina izan arren ez zuela inoiz egin gaiztakeriarik. Areago oraindik, beste honakoa esaten zuen bere jaioterriaz eta hainbeste maite zuen Parisez:

 

        Je n'ai laissé, (je crois), d'augmenter mon bien: jai fait de grandes améliorations à mes terres. Mais je sentais que c'était plutôt pour une certain idée d'habilité que cela me donnait que pour l'idée de devenir riche [...] Ce qui fait que j'aime être à la Brède, c'est qu'à la Brède, il me semble que mon argent est sous mes pieds. A Paris, il me semble sur mes épaules.

 

        Alde batetik laborariak bezala bere lurrari eta sorterriari atxikia: bestetik, Paris eta hiri miresgarri honetako bizia maite du. Europako hiriak eta Gorteak hala nola bere probintzia. Oreka gizona dugu, beraz, Montesquieu, mundua eta erretiroaren artean bere bizitza orekatua eramaten jakin zuena, negozio eta politika ardurei uko egin ez ziona, gizon irekia ohitura arrotzekiko, izpiritu kosmopolita baten jabe.

        Ez zion XVIII. mendeko lehen partean gertatu politika ekintzetarik batek ere ihes egin, eta denaz bere iritzi zorrotza zeukan, zenbait aldiz publikoki ez ageri arren.

        Agian bere gaztetasunaren sua eta kemena gabe, eta Persiar Gutunak adierazten duten gar desmitifikatzailea gabe ez zukeen burutuko heldutasunean soilik burutu daitekeen fruitu klasiko hura, hau da, L'Esprit de Lois delakoa.

        Baina aipatu ditudan bi obra hauetarik lehena gazte emaitza izan arren, ez dago inongo dudarik klasikotzat eman dezakegula, bere narrazio moduan, gutunetan alegia, hogeita zazpi une geroago beste erara trataturiko filosofia, politika eta moralari buruzko gairik gehienak jada ukitzen baititu.

        Lehenean persiar zibilizazioaren gaineko xehetasunak, literatur baliabide soil gisara ematen baditu; bigarrenean, zabaldu eginen die beste herrialdeen aztura, lege eta erakundeei begirada. Ez da, ordea, lehena bigarrenaren apunte edo bozeto huts, heldutasuneko izpiritu orokor eta zehaztasunik ageri ez den arren, jada hala moral erlatibismo zirikatzaileaz nola fisika lege eta moralaren harremanei buruzko bide urratzeak ikus baititzakegu, gero Rousseau-ren borondate jenerala eta XIX. mendeko nazioaz gogoeta oinarrizkoak emanen zutenak.

        Gutunetan argi eta garbi gelditzen da Montesquieu-k hobesten zuen gobernu era errepublika zela, Mendebaldeko ezaugarritzat jotzen zuen monarkia mugatuaren aurrean ere, eta hain zuzen, gizonak desobeditzeko eskubidea duela, aldarrikatuko du. Hona dioena:

 

        Mais, si un prince, bien loin de faire vivre ses sujets heureux, veut les accabler et les détruire, le fondement de l'obeissance cesse.

        Baina printze batek bere menpekoak zoriontsu bizi daitezen egin ordez zanpatu eta desegin nahi baldin baditu, obedientziaren oinarria desagertzen da (CIV Gutuna).

 

        Eliza katolikoari, Trinitateari, Eukaristiari eta Aita-sainduari egin kritika zorrotzek ez diete batere inbidiarik Voltaire-k geroxeago burutu zituenei.

        Eta dudarik gabe Usbek persiarraren ikuspuntuak, neurri batean idazlea herarena denak, benetan frantses eta europar munduari buruzko ikuspegi sumaezinak lortzen ditu, berehalako kritika emaitzarekin.

        Honi, Roger Caillois-ek aipatu hitzaurrean (Préface xiii) La révolution sociologique, deitzen dio, nor bizi den gizartean arrotz bilakatzeari, eta huraxe kanpotik eta lehen aldiz bailitzan ikusten saiatzen den gogo ibilbidea iraultza soziologikotzat jotzen baitu.

        Indioen edo Papuen gizartea aztertuko litzatekeen eran egiterakoan, etengabe kontu eta arreta handia eduki behar da ez jotzearekin halabeharrezkotzat ezagutzen diren usadioak eta legeak.

        Beraz kontua eta ausardia honetan datza, jaiotzaz geroztik hain arruntak eta normalak ikusten, hainbeste errespetatzen eta beste erara zitezkeenik ere pentsaezintzat ditugun erakunde, ohitura eta azturak bitxiak eta ia konpreni ezinak bezala ematean.

        Irudimen gaitza behar da, noski, horrelako iraultza saiatzeko eta borondate tinkoa, iraunkortasun handia memento oroz etengabe eusteko berari, koherentzia osoz jarraikitzeko proposaturiko bide eta jomugari.

        Montesquieu-k Parisera datozen persiar hauek asmatuz, hiri hau Ispahan bailitzan ikustera eta Frantziako ohituren aurrean Persiakoen aitzinean baleude bezala egotera bortxatzen ditu paristar guztiak.

        Jokaldi iraultzaile eta deabrukeriaz betea, benetan!

        Hau dela eta honako komentarioa jasotzen digu Josep M. Colomer-ek Ilustrazio garaiaz Cassirer-ek idatzi liburutik:

 

        La observación sin prejuicio y la crítica del persa descubren por todas partes lo que hay de arbitrario, de convencional y de fortuito en todo cuanto, según los conceptos del mismos país, es considerado verdadero y santísimo. Con ello se creaba un determinado género literario que desde entonces se puso continuamente al servicio de la crítica y de la polémica.

 

        Ikerlearen distantzia hartzea objektibotasunaren baldintza nahita nahiezkoa da, eta hau kritikarena. Hautatu literatur idaz-mota ez zen izan, beraz, kapritxo hutsa, politika eta gizarte arazoak aztertzeko era berritzailea baizik, Montesquieu izan genuelarik lehenetarikoa honetan.

        Soziologia eta politikarekin zerikusia duten ikuspuntuek ez diote galarazten, ordea, idazleari bere literatur kalitateak nabarmenki adieraz ditzan.

        Ispahandik Pariserainoko bidaia abilki eta baratxe-baratxe aitzinarazten du. Paristar gizartea, hainbeste gorrotatzen duen Louis XIV.aren politika bizitza, Louis Philippe d'Orleans-eko errege ordekoaren garaia, hala nola Espainia, Portugal, Venezia, Ingalaterra, Suedia eta Errusiako albisteak andereneko gora-behera, umorezko istorio eta erotismo saltsa-maltsariei, irkaitzez eta erritmoz lotuz XVIII. mendeko literatur emaitzarik ederrenetarikoa lortzen du.

        Ekialde eta Mendebaldeko ohitura eta legeak kontrajartzean ez dator bat Montesquieu moralista klasikoekin eta geografo zenbaiten deskripzioekin, nabari baita hauetariko asko aurreiritziz beterik daudela eta bestearen gainetik ezartzen baitute europar zibilizazioa gailurrean.

        Antze handiz darabilen alegiazko injenuitate hori, ez da sorpresa hutsala, azterketara bultzatzen duen irri eta Aria baizik, erreformetarako deia eta Frantziako errealitatearen kritika burutzean (erlijioa eta despotismoari dagokionez, batik bat) hala nola Espainia eta Portugalekoa, Ipar herrialdeetako ohiturak eta Parlamentu erak ematen ditu eredugarritzat, bere menderako izugarrizko kultura zabaltasuna adierazten digularik, zein frogatu daitekeen, bestalde, bere liburutegiaren katalogoari begirada soil bat emanez.

        Bidai liburuak betidanik arrakastatsuak izan arren, eta Montesquieu baliatu zen zenbaitez, adibidez, Gian-Paolo Marana, Dufresny, Addison, Tavernier eta Chardin-ek idatzitakoez (oin oharretan aipatuko direnak), Gutunak hain izan zuten arrakasta handia, ezen berehala XVIII. mendean persiarrak ez ezik, turkiarrak, txinatarrak, ingelesak, perutarrak eta marokoarrak ere idatzi zituzten besteak beste, Lyttleton, Saint-Foix, Voltaire, Argens, Richardson, Graffigny eta Cadalso idazleek.

        Hala bada, esan daiteke garaian tankerakoak ez baziren falta ere, modan ezarri zituela, baina denen artean Montesquieu-ren Gutunak gailurra zuten lortu, eta beti eredutzat jo izan dira, irudimen bizi bati bizitzaren esperientzia aberatsa lotzen jakin izan baitzuen gogoeta gero eta sakonago, zorrotzago eta argiagoez.

        Buka dezadan aurkezpen hitzok Petit de Julleville-ren benetan laudoriozkotzak jo ditzakegun besteokin:

 

        «Montesquieu reste le maître préféré des esprits réfléchis, qui ont, comme lui-même, le goût de la moderation joint au goût du progrès; l'amour du bien public et l'aversion de toute injustice, même particulière; la haine des abus et le respect des droits acquis; l'horreur du désordre et la passion de la liberté».

 

        Montesquieu, beraz, buru argi eta gogoetatsuek, ongi publikoaren eta progresoaren maitaleek, hala nola injustiziaren gorrotatzaileek hobesten duten idazlea dugu. Espero dezagun, bada, euskaraz lehen aldiz ematerakoan Persiar Gutunak, hainbeste maite duen askatasunean bezalaxe herri honek ongi publikoaren errespetuan, zuzentasunean, desordena eta injustiziaren kontrako jardueran, era bertsuko aitzinamendua ukan dezan.

 

Patri Urkizu,

Lezon, 1993ko urriaren 22an.

 

 

 

© Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia